EH Bilduk azalpenak eskatuko dizkio udalari Añorgako zeharbideko lanengatik
EH Bilduk Añorgako zeharbidea bulebarrean bihurtzeko bigarren faseko lanak “lardaskeria” bat direla azaldu du ohar bidez. Añorgako bizilagunak “oso haserre eta etsita” daudela adierazi zuten pasa den astean sare sozialetan, eta azalpenak eskatu dizkiote Eneko Goiari. EH Bilduk gauza bera egingo du, eta interpelazio bat erregistratu du alkateak gertatutakoa azal dezan eta “egindako akatsa zuzentzeko asmorik duen” esan dezan.
Añorgako zeharbidea bulebarrean bihurtzeko proiektua 2015ean sortu zen, Juan Karlos Izagirreren udal gobernuak “Añorgatik igarotzean GI-21 errepidea hirian eta ingurumenean integratzeko gauzatze proiektua” onetsi egin zuenean. Lanek bi fase izango zituztela zehaztu zen: “Lehen faseak 3,18 milioi euroko aurrekontua izan zuen, eta bigarren faserako 1,5 milioi euro aurreikusi ziren”.
Lanen lehen fasea 2016. urteko uztailean amaitu zen, baina bigarren fasea bost urte beranduago abiatu zuten, 2021eko abuztuan. Gainera, aurrekontua heren batera murriztu zutela azaldu du alderdiak. 2018ko ekainean, EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen atzerapena eta diru saila murriztu izana salatzeko. Horrez gain, udal gobernuari bigarren fasearen lanak esleitzeko beharrezkoak ziren urratsak berehala emateko eskatu zioten, “proiektuaren helburua gauzatzeko beharrezkoak ziren materialen kalitatea murriztu gabe”.
Bigarren fasearen lanen “kalitate eskasa” dela eta, Añorga Txikitarrak Auzo Elkarteko kideek haien etsipena adierazi diote udalari. “Bulebarra amaitua egon arren, probisionala denaren itxura ematen du, material berrerabiliekin eta aurreko marka eta pinturak kendu gabe, argiztapenik jarri gabe eta dena zikin”, diote bizilagunek. Horrez gain, hasieran aurreikusita zeuden zuhaitzak jarri beharrean aparkalekuak jarri dituztela salatu dute. Lanetan aurkitutako gabeziak biltzen dituen txostena osatu dute, eta alderdiak gogorarazi duenez, “auzoaren bizi kalitatea hobetzeko, zeharbidea bulebar bihurtzea giltzarrizkotzat jo dute Añorgakoek aspalditik”.