Realak ezin zuen urtea hobeto hasi
Realak 2021a bukatu zuen moduan hasi du 2022a: garaipen batekin. Gainera, igandeko garaipena ez zen edonolakoa izan, Athletici euskal derbia irabazi baitzion, Anoetan, 5.293 realzaleren aurrean. Natalia Arroyoren neskak izan ziren nagusi zelaian lehenengo minutuetan, eta pare bat gol aukera izan ostean heldu zen partidako gol bakarra. Nerea Eizagirre kapitainak egin zuen, area kanpotik. Bigarren zatian berdinketaren bila atera ziren zuri-gorriak, baina ezin izan duten Reala gainditu, eta puntuak etxean gelditu ziren. Horrela, Realak ligako bigarren postuan jarraitzen du, sendo.
Mutilentzat ere asteburu ona izan da, 1-0 irabazi baitzioten larunbatean Celtari. Rafinha fitxaketa berriaren debuta izan zen, eta Reala hasieratik izan zen nagusi zelaian. Ordea, golak egitea kostatzen zaio oraindik Imanol Alguacilen taldeari. Hala ere, neurketa irabazi zuen, nesken kasuan gertatu zen moduan, kapitainaren, Mikel Oiartzabalen, gol bati esker. Horrela, sailkapenean gora egin dute txuri-urdinek, eta bosgarrenak dira orain.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko mutilek erraz irabazi zioten larunbatean Puigcerdari: 5-1 (1-1, 2-0 eta 2-0). Horrela, donostiarrek ligako hirugarren postua eskuratu dute.
PARTIDAK:
Futbola
Emakumezkoen lehen maila, 16. jardunaldia
Reala 1 – Athletic 0
Gizonezkoen lehen maila, 20. jardunaldia
Reala 1 – Celta 0
Izotz Hockeya
Gizonezkoen lehen maila, 15. jardunaldia
Txuri Urdin 5 — Puigcerda 1