Infernua eremuan 540 etxebizitza eraikitzeko proiektua behin betiko onartu du udalak
Donostiako Udalak behin betiko onartu du Ibaetako Infernua eremua Urbanizatzeko Jarduketa Programa, eremu hori garatzeko proiektua onartzen ahalbidetuko duena. “Eremuaren birsortzea ahalbidetuko duen proiektua onartu aurreko azken pausoa da hau. Eremu honek garrantzi handia izango du hiriaren garapenerako”, azaldu du Eneko Goia alkateak.
Infernuko Hiri Antolaketarako Plan Orokorraren aldaketak hainbat jarduketa aurreikusten ditu. Bizitegi eremuari dagokionez, 46.025 metro koadro izango ditu. Eremu honetan 540 etxebizitza aurreikusten dira; 270 babes publikokoak eta 270 libreak. Horrez gain, hirugarren sektoreko garapenerako 9.975 metro koadro izango ditu. Urbanizazioari dagokionez, Xabier Lizardi kaleari jarraipena emango diote Zubiberri bidearekin eta eremu berrira sartzeko egingo den biribilgunearekin lotzeko. Era berean, Añorgako ubidea birsortu eta ubidearen ondoan parke bat jarriko dute.
Azkenik, “egun hutsik” eta “egoera txarrean” dauden eraikinak eraitsiko dituztela adierazi du udalak. Iaz fabrika hustu zuten arren, oraindik hainbat herritar bertan bizi direla ohartarazi du Infernua Bizirik taldeak.
Bestalde, udalak adostu du proiektua ikusgai egon den epean aurkezturiko alegazio guztiak ez onartzea. Horiek denak birpartzelatze proiektuan aztertuko direla argitu dute.