Pentsiodunek manifestaziora deitu dute larunbaterako
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak lau urte beteko ditu, eta manifestaziora deitu du urtarrilaren 15erako. Horren harira, prentsaurrekoa egin dute gaur goizean Tabakalera parean. “Pentsio publiko duin eta nahikoak, soldata eta lan baldintza duinak, eta kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalak bermatzea aldarrikatu” nahi dituztela adierazi dute.
Orain arte lortutakoa nabarmendu du mugimenduak, baina “egiteko asko” gelditzen direla aldarrikatu dute. Izan ere, Espainiako Gobernuari pentsio duinak eskatzen jarraitzeko borondatea agertu dute, ezarritako neurriak nahikoak ez direla iritzita. Duela gutxi onartutako erreforma kritikatu dute, pentsioak “miserableak” izaten jarraituko dutelako eta eskatzen dituzten 1.080 euro horietatik “oso urrun” egongo direlako, izan ere, ez ditu 2011ko murrizketak indargabetzen.
“Gure presioa kalean mantendu behar dugu”, diote pentsiodunek, eta larunbatean, 12:00etan Alderdi Ederren abiatuko dute mobilizazioa Batak ala besteak gobernatu, guk pentsioak defendatu leloarekin.
Manifestazioaren harira, bestelako jarduerak egiten ari dira, eta Egiako Txoko Internazionalistan itxialdia egin dute hainbat pentsiodunek. Astelehen gauean hasi zuten itxialdia, eta bertan pasa dute gaua.