Udalak bi plaka jarriko ditu Miguel Paredes eta Elena Morenoren omenez
Donostiako Udalak bi plaka jarriko ditu larunbatean, hilaren 15ean, Miguel Paredes eta Elena Morenoren omenez. ETAk erail zituen 1990. urtean. Bi plaka horiekin hemeretzi dira udalak hirian jarri dituenak terrorismoaren eta bortizkeria politikoaren biktimei gune publikoan ikusgarritasuna emateko.
Plakak jartzeko ekitaldia Parte Zaharreko San Lorenzo kalearen 10. zenbakiaren inguruan izango da, 12:00etan. Omenaldi xumea izango dela aurreratu du udalak. Ekitaldian parte hartuko dute Eneko Goia alkateak eta udal taldeetako ordezkariek.
Miguel Paredes (33 urte) eta Elena Moreno (30 urte) senar-emazteak 1990eko apirilaren 6an hil zituen ETAk suzko arma batekin egindako atentatu batean. San Lorenzo kaleko Txiki tabernatik atera zirenean gertatu zen. Javier Marcos Espiga gaztea ere zauritu zuten tiroek, ezustean bertatik igarotzen ari zenean. Pasaiako Itsas Komandantzian soldadutza egiten ari zen.