Animalien alderdi barregarriena erakusteko argazki lehiaketa abiatu du Cristina Enea Fundazioak
Cristina Enea Fundazioak bere egoitzan (Mandasko Dukea kalea, 66) ikusgai dauka The Wildlife Comedy argazki erakusketa (martxoaren 13ra arte), non mundu osoko animaliak egoera eta jarera barregarrietan ikusi daitezkeen, argazkilari profesionalek egindako argazkietan. Erakusketatik abiatuta, fundazioak animalien alderdi barregarriena erakusteko argazki lehiaketa abiatu du, herritarren argazkiak jasotzeko: “Zuen maskoten edo bestelako animalien argazkiak jaso nahiko genituzke, egoera bitxi eta barregarrietan erakusten dituzten”, azaldu dute.
“Jende arruntaren argazkiak jaso nahi ditugu, maskotei pose, jarrera eta egoera barregarrietan ateratakoak, edo natura inguruneko eszena bitxienak, hala nola, parkeetakoak eta mendietakoak”, gaineratu du Eneko Calvok, fundazioko erakusketa proiektuetako arduradunak. Parte hartu nahi dutenek Instagram bidez egin dezakete, euren argazkiak argitaratzerakoan, fundazioa aipatuta (@cristina.enea).
Jasotako argazki guztien artean, deigarriena aukeratuko dute, eta saridunak erakusketakon argazkietako bat eskuratuko du. Gainerako irudien artean, zozketa bat egingo dute fundaziokoek, eta hortik aterako dute lehiaketaren beste irabazlea; horrek ere erakusketako argazki bat jasoko du, sari gisa. Epaimahaikide lanetan Gipuzkoako Argazkilari Elkarteko kideak izango dituzte.
Erakusketako argazkiak, enkantean
Erakusketan ikusgai dauden irudiak enkante bidez eskuratzeko aukera dute herritarrek. “Erakusketa bisitatzen duten pertsonei irudiren bat edo batzuk eskuratzeko aukera eskainiko diegu, bakoitzarengatik zer kopuru ordaintzeko prest dauden esateko aukera eskainiz. Erakusketa amaitzean, argazki bakoitzeko kopuru handiena eskaini dutenek, kopuru horren truk eskuratu ahal izango dute”, azaldu du Calvok. Hortik bildutako diru guztia Gipuzkoako Animaliak eta Landareak Babesteko Elkarteari eta Gunung Palung Orangutan Conservation Program Save Wild Orangutans elkarteari emango diote.