Erraustegiak eragindako ustezko delitu ekologiko batengatik deklaratu beharko du GHK-k
GuraSOS elkarteak jakinarazi duenez, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak erraustegiak ustez eragindako delitu ekologiko batengatik epaile baten aurrean deklaratu beharko du bihar, hilaren 13an, Donostiako epaitegian. Hain zuzen, 2020ko maiatzaren 7tik 11ra Zubietako erraustegitik gertu dagoen Arkaitzerreka errekara amoniakoa isuri zenekoa ikertzen ari dira. Isurketaren ondorioz, lau animalia espezie errekatik desagertu ziren, besteak beste, aingira, babes berezia duena. Ondoren, Guardia Zibilaren UCOMA unitateak egindako ikerketak atzeman zuen hildako arrainetan elementu kutsatzaile organiko iraunkor “arriskutsu eta kantzerigeno bat” zegoen, GuraSOSek gogorarazi duenez.
Ustezko delitu horrengatik, honako pertsona hauek deklaratzera deitu dituzte, ikertu gisa: 2020ko maiatzaren 7ko langileen txandako burua (erraustegiaren funtzionamenduaz arduratzen den Ekobal enpresakoa), Ekobaleko txandako operadorea, Ekobaleko beste txandako burua, GHKren legezko ordezkaria eta SBE enpresa alemaniarreko arduraduna, enpresa hori arduratzen baitzen erraustegiko labeez. Fiskaltzak eta GuraSOSeko abokatuak hartuko dute parte epaiketan akusazio gisa.