Urrezko Danborra eta Hiritar Merezimenduaren Dominak berretsi ditu udalbatzak
Donostiako Udalbatzak ezohiko udalbatzarra egin du asteazken goizean, eta aho batez berretsi ditu 2022ko Urrezko Danborra eta Hiritar Merezimenduaren Dominak.
Horrela, Esther Ferrer artistak jasoko du Urrezko Danborra San Sebastian egunean, eta Kresala Zineklubak, Añorga KKE-k, Zurriola Antzerki Eskolak, Bideginek eta Jose Maria Leclercqek jasoko dituzte dominak bezperan. Udal talde guztiek bat egin dute sarituen merituak eta ibilbidea goraipatzerakoan, eta hiriari egindako ekarpen eta lana nabarmendu dute. Hala ere, Ferrer ez da Urrezko Danborra jasotzera etorriko, medikuek hala aholkatuta.
Kerman Orbegozo, zinegotzi berria
Urrezko Danborra eta dominak berresteaz gain, ezohiko udalbatzarrean Kerman Orbegozo Uribe jeltzalea izendatu dute Ogasuneko eta Finantzetako zinegotzi. Jaime Dominguez Macayaren postua hartu du Orbegozok, Macayak abenduko udalbatzarrean utzi baitzuen bere kargua, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren bokala izango da aurrerantzean.
Orbegozo Eusko Legebiltzarreko kide izan da 2011. urteaz geroztik. 43 urte ditu, eta Osasun batzordearen presidente eta Ogasun eta Aurrekontuetako batzordearen kide izan da orain arte. Ikasketei dagokienez, Zuzenbidean lizentziatua da –ekonomian espezializatua–, eta masterrak ditu enpresetako abokatutzan eta aholkularitza fiskalean.