Alkatea Parisera joango da, Esther Ferrerri Urrezko Danborra ematera
Esther Ferrer artista donostiarra ez da Donostiara etorriko Urrezko Danborra jasotzera, baina saria fisikoki jasoko du, Eneko Goia alkatea bera joango baita Parisera, Ferrerren bizilekura, Urrezko Danborra aurrez aurre ematera. Udalak jakinarazi duenez, Ferrerrekin adostuta hartu dute erabakia, eta alkatea igandean, hilaren 16an, joango da Parisera. Hain zuzen, asteazkenean udalbatzak aho batez berretsi zuen Ferrerri saria ematea.
Ferrerrek 84 urte ditu, eta asteartean jakinarazi zuten ez zuela Donostiara bidaiatuko, “medikuek hala gomendatuta”. Era berean, artistak Onda Vasca irratian aste honetan egindako elkarrizketa batean adierazi zuen irtenbide egokia iruditzen zitzaiola Urrezko Danborraren entrega Zoom bidez egitea, “larritu” egiten zuelako beste norbait Parisera joan behar izateak eta bidaian koronabirusarekin kutsatzeak. Azkenean, ordea, hala adostu du udalarekin.
Momentuz, udalak ez du azaldu nor joango den Goiarekin batera Parisera, ezta San Sebastian eguneko ekitaldia, Urrezko Danborraren entregarena, bere horretan mantenduko duten.