AZPI elkarteak agur esango dio Mundaizko egoitzari
Mundaizko egoitzaren agurra egiteko, hainbat jarduera prestatu dituzte urtarrilerako.

AZPI Kultur Elkartea bere azken egunak bizitzen ari da Egiako Mundaiz kaleko bere egoitzan, hiriko beste auzo batera joango baitira, nahiz eta oraindik ez duten iragarri zein auzotara doazen. Egoitza aldaketa ospatzeko, elkartearen zazpigarren ATEA erakusketa programa egingo dute urtarrilean.
Gaur, hilaren 13an, abiatuko dute ATEA_7 egitasmoa, Mundaiz kaleko egoitzan bertan egingo duten merkatuarekin. Denetarik egongo da merkatuan, eta edonorentzat irekita egongo da egun osoan zehar, 10:00etatik 20:00etara.
Larunbatean, hilaren 15ean, Mahaiaren bidaia ibilaldia egingo dute. Mundaiz kaletik abiatuko dira 10:00etan, eta nahi duen ororekin batera, hirian barrena ibiliko dira, AZPIren etxe berrira iritsi arte.
Azkenik, hilaren 28an, AZPI_7ren argitalpena aurkeztuko dute Mundaiz kaleko egoitzan, 19:00etan. Ondoren, espazioaren itxiera ospatuko dute, han bertan.