Lau danborradak datorren urtera arte itxaron beharko dute lehenengo aldiz ateratzeko
2020ko San Sebastian eguna, Antiguan. (Argazkia: Iñaki Agirre) Duela hilabete batzuk, nahiko argia zirudien 2022an San Sebastian eguna bere horretan ospatzea posible izango zela, hiriko kaleak danbor hotsez betez, eta abar. Horregatik, udaleko Festak atalak danborrada berriak sortzeko ohiko deialdia egin zuen iaz. Ordea, danborrada sortu berriek 2023ra arte itxaron beharko dute euren estreinaldia egiteko, helduen danborrada bertan behera gelditu baita.
Lau danborrada berri sortu ziren 2022rako, bi Amara-Loiolako Erribera-Morlans zonan eta beste bi Antiguan: Nordic Walking Donostia eta Tambores Solidarios danborradak sortu zituzten lehenengo zonan, eta Ieteamen Lagunak eta Otsoaren Ulua danborradak Antiguan, hain justu.


