Haur danborrada 30 konpainiarekin egingo dute
2022ko San Sebastian eguna ez da ohikoa izango, baina danbor hotsak entzungo dira hirian, haur danborrada egingo baitute, 30 konpainia aterako baitira kalera. Udalak jakinarazi duenez, 26 zentrotako 30 konpainiak onartu dute udalak asteartean egindako proposamena, eta bost gunetan banatuta joko dute. Hain zuzen, udalak haur danborradetako konpainiei proposatu zien Alderdi Ederreko ohiko ekitaldiaren ordez, desfileak gune hauetan banatzea:Amara–Loiolako Erribera, Gros, Antigua, Bidebieta eta Erdialdea.
Guztira, 2.963 haur aterako dira danborra eta upela jotzera, hau da, egoera normal batean atera ohi den haur kopuruaren %63. Jaietako zinegotzi Jon Insaustik prentsaurreko bat eskainiko du ostiral goizean, eta bertan emango ditu haur danborradari buruzko xehetasun guztiak: ibilbideak, konpainiak zeintzuk diren zehazki, ordutegiak, eta abar.