Joseba Alvarezi 240 euroko isuna ezarri diote, Moussa saltzailearen atxiloketan "udaltzainei aurre egiteagatik"
Joseba Alvarez ekintzaile donostiarrari 240 euroko isuna ezarri dio zigor arloko Donostiako epaitegi batek, 2018an, Moussa kaleko artisautza saltzaile subsahariarraren atxiloketan “udaltzainei aurre egiteagatik”, sententziak dioenez. Donostiako Udaleko LABeko sail sindikalak sententzia salatu du, “jarrera arrazista eta biolentoei aurre egitea” zigortzen duelako, eta hori “oso larria” dela deritzo sindikatuak: “Nahiz eta Udaltzaingoak pertsona migratzaile bati tratu arrazista eta biolentoa eman, haiei modu ez biolentoan aurre egitea eta giza eskubideak errespeta ditzaten eskatzea delitutzat jo du epaiak; atentatua ez, baina autoritateekiko erresistentzia leporatuz”.
Fiskaltzak eta udalak urtebeteko kartzela zigorra eta inhabilitazioa eskatzen zuten Alvarezentzat, baina zigorra txikiagoa izan da azkenean. “Argi geratu da udaltzainen aldetik gezurretan oinarrituriko muntaia poliziala martxan jarri zutela, Joseba Alvarezi atentatua leporatu eta zigor gogor zein eredugarri bat jar ziezaioten. Helburu horretan porrot egin dute, epaileak ez baitu atentatuaren inolako arrastorik ikusi gertatutakoan. Baina, bestalde, argi geratu da epailea bera ez dela ausartu absoluzioa ematen, Fiskaltza, Donostiako Udala eta Udaltzaingoaren jokabidea hankaz gora ez uzteko”, salatu du LABek.
Alvarezek ere sententziaren inguruan hitz egin du, eta berriro egingo lukeela nabarmendu du: “Epaiketaren egunean azken hitza epaileak eman zidanean esan nuen bezala, horrelako gertakari baten aurrean, berdin jokatuko nuke, berriro egingo nuke, herritarron lana baita gehiegikeria polizialen aurrean edo jokabide arrazisten aurrean, aurre egitea”.
Horrez gain, Alvarezek gogorarazi du oraindik ez dutela egin Moussaren aurkako epaiketa: “Epaileak egin duen gertaeren irakurketa ikusirik, espero dugu sententzia honek arinduko duela […]. Bere egoera administratiboa epaiaren zain dago. Moussak ez zuen inolako delitu penalik egin, eta bere epaiketak ez du zentzurik”.
Era berean, Alvarezek eskerrak eman dizkie azken hilabeteotan babesa adierazi dioten herritarrei eta eragileei, baita mobilizazioetan parte hartu duten guztiei ere.
Alkateari eskaera
“Gaur argi dago Udaltzaingoaren aldetik, gezurretan oinarriturik, muntaia poliziala babestu zela Joseba Alvarezi existitu ez zen atentatua leporatzeko asmoz”, salatu du LABek, eta udalaren jarrera kritikatu du: “Argi geratu da Donostiako Udalaren jarrera ez dela onena migrazioaren auzian aurrean. Donostian ez dira migratzaileen eskubide zibil eta politikoak errespetatzen […]. Kale saltzaile hauen gainean izugarrizko presioa eragiten du Udaltzaingoak eta poliziak hiriko zona noblean egon ez daitezen. Intentsitate baxuko arrazakeria da, horrela denik onartuko ez duten arren”.
Horregatik, hiru eskaera zehatz egin dizkiote Eneko Goia alkateari: “Gertakari hauetan Udaltzaingoak izan duen jokabidea ikertu dezala, Udaltzaingoana jarrera biolento eta arrazistak saihesteko neurriak har ditzala eta Donostian inor ilegala ez delako printzipioan oinarriturik, migratzaileen eskubide sozial eta politikoak errespeta daitezen neurriak har ditzala”.