"Osakidetzako osasun zentroek ezin dute gehiago"
Osasun arloan gehiengoa osatzen duten Satse, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek kalera ateratzeko deia egin dute gaur. Hiriko osasun zentroetan mobilizatu dira “Lehen Arreta zentroak guztiz gainkargatuta daudela” salatzeko.
Ondarreta osasun zentroan sindikatuetako ordezkariek oharra irakurri dute instituzioen “utzikeria” salatzeko. Baliabiderik gabe daudela eta pertsonal falta nabarmena dela azaldu dute, COVID-19a babesgabetasun hori justifikatzeko arrazoi bakarra ez dela nabarmenduz. “Kudeaketa penagarritzat” jo dute: “Paziente kronikoen jarraipena erabat hondatu da, kontsultak atzeratu egin dira, diagnostiko goiztiarrak eragozten ditu eta beraz, jarraipen zorrotza behar duten gaixotasunak ikusezin bihurtu dira”.
Finean, “sistema kolapsatu” egin dutela diote, “erantzukizuna Osakidetzarena” eta hura kudeatzen dutenena dela salatuz. Hori dela eta, norbanakoei eta gizarte eragileei urtarrilaren 23an mobilizatzeko deia egin diete, 12:00etan Bulebarretik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko. “Argi utzi behar dugu nahikoa izan dugula. Gure osasuna jokoan dago eta guztion erantzukizuna da”.