Asmo onak zuzentzen jakin behar

Zuzendariak: Sean Penn
Urtea: 2021
Herrialdea: AEB
‘FLAG DAY’
Azken urteotan nazioarteko kontu politikoetan egin duen aktibismoa dela eta, Hollywooden munduan ardi galdu bezalako bat bihurtu da Sean Penn (Fidel Castro edota Hugo Chavezen figurekiko erakutsi duen interes horregatik, batik bat). Baliteke, hein batean, kazetaritzaren munduan egin dituen urrats horiek erakarri izana Canneseko jaialdiaren interesa, azkenengo edizio honetan lehiatu baita Flag Day, aktoreak zuzendutako azken filma. Izan ere, Pennen interes politikoak zuzendari rolean aukeratu dituen fikziozko proiektuetan ere antzeman daitezke. 2007an Into the Wild filmatu zuen, Jon Krakauer kazetariak argitaratutako istorioa pantaila handira eramanez, eta oraingoan ere benetako istorio amerikar bategatik interesatu da; Jennifer Vogel kazetariak aitarekin izandako harreman latzari buruzko lan autobiografikoa hartu du abiapuntutzat, hain zuzen ere. Bi proiektuek, bai Into The Wild-ek eta bai Flag Day-k, agerian uzten dituzte zinemagileak, Hollywoodeko ardi galdu horrek, mito amerikarrak kolokan jartzeko dituen asmoak. Hala, Krakauerren istorioak zalantzan jarri nahi zituen Jack Londonen White Fang edota Thoreauren Walden moduko lan klasikoetan nabarmentzen den naturarekiko konexioaren filosofia amerikarra; Flag Day-k, bestalde, aurka egiten dio cowboyaren moral klasikoari, modelo horren afektibitate-erantzukizun falta agerian utziz.
Beraz, transgresiorako asmoak behintzat hortxe daude, eta onartu beharra dago filmak badituela Hollywooden horren ohikoak ez diren indarkeria irudi gordin eta bortitzak. Hala eta guztiz ere, Harvey Milk zein Jimmy Markum (nola ahaztu Mystic River-en eskaini zigun pertsonaia hura) bihur daiteken kamaleoi bikaina ez da zuzendari lanetan berdin nabarmentzen. Baliteke Jennifer Vogelen eleberria Krakaurrena bezain ona ez izatea; protagonistak off-ahotsean irakurtzen duen egunkaria, behintzat, batere nortasun gabeko estilo sentimental guztiz klitxean dago idatzita. Baina arazoa ez da gidoiarena bakarrik. Zer esanik ez, Dylan Pennek, hots, protagonistaren paperean dagoen Sean Pennen alabak, ez du batere laguntzen (tamalez, gidoi hobe batek ere ezingo luke aktore gaztearen gaitasun eza konpondu). Filmaren kaos orokorrak, eszenen muntaietan eta istorioaren estruktura faltan nabaritzen den zurrunbilo horrek, ikustaldia zeharo astuntzen du. Horri guztiari, zinemagileak musika-muntaia kutrez jositako flashbackak sartzeko obsesio arraroa gehitu behar zaio, hasiera batean izan zitzakeen asmo onak guztiz zapuzteko.