Doluaren prozesua "arintzeko" espazioa
Bidegin elkarteak udalak banatuko dituen Hiritar Merezimenduen Dominetako bat jasoko du. Doluan dauden pertsonei eta gaixotasun larri aurreratuei aurre egiten ari diren pertsonei akonpainamendua eskaintzen dien elkartea da. Izaskun Andonegi lehendakariaren hitzetan, «hunkituta» jaso dute udalaren aitorpena.

Heriotzaren ondorioz, maite duten pertsona bat galdu dutenekin eta gaixotasun larri aurreratuak dituztenekin konprometitutako elkartea da Bidegin. 2010. urtean sortu zen eta, finean, pertsona horien bizi kalitatea hobetzea bilatzen dutela azaldu du Andonegik. Informazio bila eta egoera emozionalki gestionatu ahal izateko laguntza bila jotzen dute haiengana. Doluaren prozesua bizitzeko espazio lasaia, epairik gabea eta konfiantzazkoa sortzen dute, pertsonen sufrimendua «nolabait arintzeko».
Hiru adar nagusi ditu proiektuak. Batetik, akonpainamendua egiten dute, bai norbanakoekin, bai familiekin, bai bikoteekin eta bai taldeekin. Taldeak, esaterako, «oso espazio terapeutikoak» dira Andonegiren hitzetan: «Egoera antzekoa bizitzen ari den beste bati begitara begiratzeak asko laguntzen du, eta gauza asko ulertzen dira horrela». Gaur egun lau talde daude indarrean: suizidio saiakeretatik bizirik atera diren pertsonena, heriotza perinatala bizi dutenena, seme-alabak galdu dituzten gurasoena eta bikotekidea galdu dutenena. «Talde motak aldatzen joaten dira, jasotzen ditugun eskaeren arabera», dio Andonegik.
«Gizarteak denbora bat ematen digu dolua prozesatzeko, baina prozesu psikologikoak ez du erritmo bera». Horregatik, doluak jendea isolamendura eramaten du, baita bestelako sintomatologiak garatzera ere. Elkartearen xedea da prozesu hori arintzea eta pausoak eman ahal izateko espazioak eskaintzea: «Gure ekarpena da doluak ez konplikatzea eta prozesu osasuntsuak eramatea».
Bestetik, sentsibilizazio lana egiten dute. «Tabuak apurtzeko» saioak egiten dituzte hainbat espazioetan. Andonegiren ustez, heriotza bera baino gizakiaren hauskortasuna da gure gizarteko tabu handienetakoa. «Gaizki gaudenean, nola gauden esango bagenu, askoz errazagoa izango zen dena, eta gizarte bezala, ez genuke hainbeste sufrituko».
Tabuak apurtzeak osasun mentalean asko eragiten duela dio lehendakariak. Tailerrak, hitzaldiak, hausnarketarako espazioak antolatzen dituzte horretako, haientzat oso garrantzitsua baita gizartearekin harremanetan izatea, eta komunitatean egotea.
Horrez gain, eskolentzako saioak ere egiten dituzte, bertako curriculumean psikopedagogia txertatzea ezinbestekoa baita haientzat. «Irakasle eta orientatzaileentzako jardunaldiak antolatu izan ditugu gaia nola landu erakusteko», azaldu du.
Besteak beste, kalean egiten dituzten jardueren artean Hil aurretik nahi dut… horma dago. Hiriko hainbat espaziotan jartzen dute jendeak gaiaren inguruan hausnartu eta bertan idatzi dezan. «Heriotzarako nola prestatu eta nola bizi bezalako ideiak pentsatzea sustatu nahi dugu, modu kontzienteagoan bizitzeko».
Azkenik, gizarte taldeak antolatzen dituzte. Bideginetik pasa diren, jada dolua pasa duten eta erabat integratuta eta eraldatuta dauden pertsonek hilabetean behin jarduera bat antolatzen dute. Kasu batzuetan, jarduera kulturalak izaten dira, eta beste batzuetan, naturan egitekoak.
Lehenago aipatu bezala, askotan, dolu prozesuak isolatu egiten du jendea eta kulpa sentimenduak azaleratzen dira. Horrekin apurtzeko espazioak izaten dira gizarte taldeak: «Sare sozial bat sortzen da, eta polita jendea bizitzarekin lotuta ikustea».
Konexio horiek bilatu beharra dagoela eta elkar zaintza ezinbestekoa dela argi du Andonegik. «Autonomoak garen ideiarekin apurtu beharra dago. Horrek ez du esan nahi mendekotasuna dugunik, baina ezin dugu dena gure kabuz egin. Besteen beharra daukagu, konektatuta gaude». Pandemiaren testuinguruak «heriotzaren aurrean eta heriotzetik oso gertu» jarri gaituela dio elkarteko kideak, baina osasun mentala eta afektiboaren garrantzia azaleratu dela uste du: «Argi geratu da erronka bat direla».
Irabazi asmorik gabeko elkartea da Bidegin, eta profesional zein boluntarioek osatzen dute. Andonegi erizaina da, eta bere kidea psikologoa da. Haiek arduratzen dira akonpainamendua egiteaz. Horrez gain, hainbat boluntario harrera egiten, sentsibilizazio jarduerak antolatzen eta bestelako kolaborazioak egiten aritzen dira. «Elkarlana beharrezkoa da», nabarmendu du.
Harridura eta hunkidura
Udalaren sariaren berri izan zutenean, harriduraz jaso zuten albistea,elkarteko kideek ez baitzuten halakorik espero. «Harrituta, eskertuta eta hunkituta gaude», dio Andonegik.
Bidegini halako aitorpena egin izanak, begirada sufrimenduaren prozesuan eta heriotzan jartzea dakar, eta horrek «tabuak apurtzeko eta sentsibilizazioan aurrera egiteko aukera» ematen duela uste dute. Batetik, harrituta daude, instituzioen aldetik ez direlako gai hauek «gehiegi» lantzen, baina gizartera iristen ari direla argi dute. «Hamar urtetan nabaritu dugu hasieran erein genuenak fruituak ematen ari dela. Gero eta gehiago hitz egiten da doluaz, suizidioaz… zerbait mugitzen ari da». Andonegiren ustez, gizarte kontzienteago eta errukitsuago bat eratzeko gonbidapen bat da hau.