"Dominak ikusgarriago egingo gaitu"
Kresala Zineklubak 50 urte beteko ditu aurten, eta urteurrena ezin hobeto hasiko dute, Hiritar Merezimenduaren Domina jasoko baitute. Zineklubarentzat, 50 urte hauetan egindako lana aitortzeko modu bat da domina. Juan Berasategi izan zen duela mende erdi zinekluba sortu zuenetako bat, eta Ander Gisasola gaur egungo lantaldeko kidea da.
Espero zenuten domina jasotzea?
Juan Berasategi (J.B.): Ez. Zuzendaritzan gu geundenean, bi aldiz egon ginen domina jasotzeko hautagaien artean.
Ander Gisasola (A.G.): Zineklubak aurten 50 urte beteko ditu, eta nik uste dut udalak urteurrena aprobetxatu duela domina emateko. 50 urte hauetan guztietan zineklubean egon garen guztien lanari aitortza bat da. Besteak beste, aste honetan bertan zendu den Jose Angel Herrero-Velarderen lanari.
J.B.: Zinemazale amorratua zen, eta Zinemaldiko kide izateaz gain, gure zineklubeko kidea ere bazen. Garai hartan, Jose Antonio Pla, Fernando Mikelajauregi, Luis Bergua, Fernando Patus, Herrero-Velarde eta seiok genbiltzan zineklubean. Jende asko pasa da hemendik, baina askok bizpahiru urteren ondoren utzi izan dute, zineklubak lan asko eskatzen duelako, eta ez du dirurik ematen. Nire alabak, txikitan, esaten zuen, ‘nire aitak bi lekutan egiten du lan: bankuan eta zineklubean’ [barrez].
Pozik zaudete dominarekin, beraz.
A.G.: Noski, lana aitortzen duelako eta ikusarazten duelako badagoela proiektuarekiko atxikipen bat; bai erakundeen aldetik eta bai herritarren aldetik, azken finean, herritarrak direlako dominak jasotzeko hautagaiak proposatzen dituztenak. Poztasun handia da lantalde osoarentzat, elkarte txikia garelako, jende asko mugitzen ez duena, baina hiriko zinemagintzaren alde lan egiten duena. Era berean, dominak bultzada ematen digu aurrera jarraitzeko, eta ikusgarriago egingo gaitu.
Nor joango da domina jasotzera?
A.G.: Espero dugu Luis Bergua joatea, zineklubaren sortzailea eta lehenengo 40 urteetan presidentea izan zena. Osasunak uzten baldin badio, bera joango da, oraingo presidenteAna Piñelekin.
J.B.: Luisek zinekluba sortu zuen filmak proiektatzea gustatzen zitzaiolako. Kresala elkartean hasi zen proiektatzen, baina jende asko joaten hasi zen, eta Donostiako areto komertzialak kexatu ziren; horregatik, agintariek esan zioten ezin zituela filmak proiektatu, ez zuelako baimenik. Horrela, zineklub bat sortzea erabaki zuen.
Zein egoeratan zaudete gaur egun?
A.G.: Urte zaila izan da ekonomikoki. Edukiera murriztua daukagunean, orain gertatzen zaigun moduan, aretoko edukiera bete arren, 250 euroko galera daukagu emanaldi bakoitzeko. Horrela ere, bere garaian erabaki genuen emanaldiekin jarraitu behar genuela, uste dugulako Donostiak eta Gipuzkoak behar dutela guk eskaintzen dugun beste zinemagintza hori.
J.B.: Beste garai gogor batzuk ere bizi izan ditugu, urte batzuetan gure poltsikotik dirua jarri behar izan dugu.
Nola aldatu da zinekluba?
J.B.: Pentsa, sortu genuenean Franco oraindik bizirik zegoen, eta filmek zentsuraren filtroa pasa behar zuten. Luis Berguaren aita joaten zen astero zentsuraren baimena jasotzera, nahiz eta batzuetan baimenik gabe egin izan genituen proiekzioak. Acorazado Potemkin filma eman genuen, adibidez.
A.G.: 35 milimetroko filmen gainbehera ere bizi izan zuten, eta ondoren formatu digitala iritsi zen. Hainbat aretotan proiektatzen aritu ostean, Trueban hasi ginen azkenean, eta hor jarraitzen dugu. Oso eskertuta gaude SADErekin, oso prezio onean alokatzen digutelako aretoa, beraiek ere argi baitute Kresala Zinekluba beharrezkoa dela.
Segur aski, duela 50 urtetik hona izandako aldaketarik handiena solasaldietan gertatu da: lehen, jendeak gehiago hitz egiten zuen.
J.B.: Gure garaian, libre hitz egiteko espazio bat ziren solasaldiak. Pentsa, uste genuen poliziak kontrolatzen zituela. Bakarrik etortzen zen gizon bat polizia zela uste genuen, baina gero lagun batek esan zigun bere anaia zela! [barrez].
Nola dago orain zinekluba?
J.B.: Oso ondo dabil lantaldea. Oso harreman ona daukate euren artean, eta oso lan ona egiten dute. Estreinatzen dituzten filmetara adi daude, zinemagileek eta aktoreek zineklubean euren filmak aurkezteko eta ikusleak agurtzeko bideoak bidaltzea lortzen dute, eta abar.
A.G.: Ekonomikoki egia da ez gaudela ondo, pandemiaren eraginez. 2020an galerak izan genituen eta 2021ean ere, baina diru laguntzak horretarako daude, eta proiektuak aurrera egin ahal izan du. Ikusle kopuruari dagokionez, kopuru orokorretan behera egin du, edukiera murrizketengatik eta jende askok beldurra hartu diolako zinemari. Hala ere, zineklubaren gogo aldartea oso ona dela esango nuke: gogotsu gabiltza eta giro ona izaten dugu beti proiekzioetan.
Horrez gain, zinemari buruz asko ikasten dugu filmen osteko solasaldietan, eta zinema areto komertzialetan ikusi ohi ez diren filmak ikusteko aukera dago zineklubean. Juanen garaian hasi ziren halako filmak proiektatzen.
J.B.: Merkeagoak ziren film horiek, eta gainera errazago pasatzen zuten zentsuraren filtroa, ez zietelako arreta handirik jartzen.
50. urteurrena ospatuko duzue?
A.G.: Urte osoan zehar ospatuko dugu, jarduera bereziekin. Ezustekoren bat edo beste ere izango dugu. Gure txikitasunetik gauzak sortzen eta jendearekin zinema partekatzen jarraituko dugu, zinekluba horretarako sortu baitzen.