'Donostia, surfa eta zientzia hiria' ekimena abiatu du Donostia Kulturak
Hiriko gai eta leku esanguratsuak zientziaren ikuspegitik aztertuko dira Donostia, Zientzia Hiria programaren bitartez. Aurten abiatuko da lehen aldiz, eta surfa izango du hizpide. Hirian duen errotutako dagoen kirola delako, eta “bere jardueran hainbat zientzia diziplinen argitan azter daitezkeen prozesu interesgarri eta ezberdinek parte hartzen dutelako” aukeratu dute surfa. Ekimena Donostia Kulturak jarri du abian, era Donostia International Physics Center eta UPV/EHUKO Kultura Zientifikoko Katedraren eta Euskampus Fundazioaren kolaborazioa izan du.
Programa abiatu berri dute, eta apirila bitartean, hilabetean behin topaketa bat antolatuko dute Okendo Kultur Etxean. Zientzian eta surfean adituak diren hainbat gonbidatuk ikuspegi desberdinetatik landuko dute gaia, hala nola, fisikaren, meteorologiaren, osasunaren, kirolaren eta ingeniaritzaren ikuspuntutik.
Saioak arratsaldeko 18:00etan hasiko dira eta streaming bidez ikusi ahalko dira EITB Kosmos kanalaren bidez. Euskaraz izango dira nagusiki eta antolatzaileen arabera, ez da beharrezkoa ezagutza zientifikorik bertaratzeko, jakin-mina besterik ez. Lehen hitzaldia hilaren 26an izango da, eta ‘Olatu baten istorioa’ du izenburutzat. Bigarrena, otsailaren 23an izango da: Fisiologia eta osasuna surfean. Hirugarrena, berriz, martxoaren 23an egingo da, ‘Olatu perfektuaren atzetik eta taulen fabrikazioa’ izenburupean.
Programari apirilean emango diote amaiera, eta gazteentzako zientzia eta surfa lotuko dituen jarduera praktiko bat egingo dute. Horrez gain, bost totem instalatuko dira hirian zehar hilabete hauetan zehar surf taulak mugitzen dituen teknologia kalean erakusteko. Totemak urtarrilaren 21etik aurrera jarriko dira, eta hiriko puntuetan txandakatzen joango dira.