Esther Ferrerrek Parisen jaso du Urrezko Danborra
Eneko Goia alkatea eta Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendaria Parisen izan dira, artistaren estudioan, eta han eman diote saria.
Pandemia dela eta, Esther Ferrer artistak iragarri zuen ezin zuela Donostiara etorri Urrezko Danborra jasotzera. Handik gutxira, Eneko Goia alkateak erabaki zuen Parisera bidaiatzea eta artistaren etxera joatea saria ematera. Atzo goizean izan zen alkatea Esther Ferreren estudioan, Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendariarekin batera.
Parisko bisitaren irudiak asteazkenean egingo duen Hiritar Merezimenduaren Dominen ekitaldian erakutsiko dituzte. Jon Insaustik ostiralean iragarri zuen bi sariak bateratuko zituztela asteazkenean Viktoria Eugenia Antzokian egingo duten ekitaldian.
Alkatearen erabakiak zalaparta sortu du udalean. Oposizioko alderdiek Urrezko Danborraren ematearen inguruan “gezurra” esatea egotzi diote Eneko Goiari. Joan den ostegunean egindako udal bozeramaile batzordean, Urrezko Danborraren ematearen alternatibaren inguruan galdetu zioten, eta oraindik erabakirik hartu ez zela azaldu zuen alkateak. Handik gutxira, sare sozialetan eta hainbat hedabideetan, Eneko Goia Parisera joango zela baieztatu zen. Horrek haserrea eragin zuen oposizioko alderdien artean.