ETAk hildako Paredes eta Moreno omendu ditu udalak
Donostiako Udalak Miguel Paredes eta Elena Morenoren omenez bi plaka jarri ditu. ETAk hil zituen tiroz, San Lorenzo kalean, eta bertan egin du ekitaldia Donostiako Udalak. Plaka horiekin, hemeretzi dira udalak Donostian “terrorismoaren eta bortizkeria politikoaren biktimei gune publikoan ikusgarritasuna emateko” jarri dituen plakak.
Miguel Paredes (33 urte) eta Elena Moreno (30 urte) senar-emazteak 1991ko apirilaren 6an hil ziren, ETAk suzko arma batekin egindako atentatu batean, San Lorenzo kaleko Txiki tabernatik irteten ari zela. Javier Marcos Espiga, 18 urtekoa eta Logroñokoa (Errioxa, Espainia), ere balaz zaurituta geratu zen, ezustean bertatik igarotzen ari zenean. Gazteak Pasaiako Itsas Komandantzian soldadutza egiten ari ziren.
Horrenbestez, udalak hirian “arrazoi politikoengatik bizitza galdu zuten pertsonen memoria berreskuratzeko eta gune publikoan ikusarazteko” ekindako bidearekin jarraitzen du.