'Herri Txiki, Infernu Handi' saioa Zubietan izan da
ETB1eko Herri txiki, infernu handi telebista saioa Zubietan izan zen atzo. Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga aurkezleak auzoko txoko eta bizilagunak ezagutu zituzten. Zubieta Usurbil eta Donostiaren artean dago, zati bat Donostiaren parte da, eta bestea, Usurbilena. Pagadi Unai Azpiroz zubietarrarekin elkartu zen, eta Zubietako elizak bi sarrera dituela azaldu zion, bata Donostiarrentzat da, eta bestea, Usurbildarrentzat. Banaketa horren jatorria azaldu zion Azpirozek: 1680. urte inguruan baserri bakoitzak zein herritakoa izan nahi zuen erabakitzeko aukera eman zitzaien. 20 baserri inguruk Donostiaren parte izatea erabaki zuten eta 11 baserrik Usurbilen parte izatea.
Besteak beste, Zubietako Errebote plazan ere aritu ziren aurkezleak. Zubietan dago Gipuzkoako errebote plaza bakarrenetakoa, eta gaur egun, 25 pertsona inguruk jokatzen dute errebotean Zubietan. Miriam Arrilaga pilotariarekin elkartu zen Pagadi, errebotean aritzen den emakume bakarra da. Horrez gain, lau eta erdiko txapelduna da eta frontballeko Europako txapelduna.
Baserri giroan ere aritu ziren, izan ere Gurrutxaga Petritza baserrikoa den Maria Jesusekin aritu zen lanean. Pagadi, berriz, Bugati izeneko zonaldean aritu zen Nartzisorekin. Zonalde horretan, 1930. inguruan auto lasterketak egiten zirela kontatu zion, 18km inguruko zirkuitua egiten zuten. Bugati autoak bertako baserrian gordetzen zituztela esaten da, eta handik datorkio izena Bugati Erretegiari. Jatorriz baserriak, Txibirrieta zuen izena.
Zubieta auzoko xelebrekeria eta berezitasun ugari jaso dituzte saio honetan, eta osorik Nahieran plataforman dago ikusgai.