Donostia, txistua eta Isidro Ansorena, 'hiru txuloz' lotutako hirukotea
Asteartean, hilaren 18an, 'Hiru Txulo. Donostia eta txistua' liburua jendaurrean aurkeztuko dute udaleko txistulariek, 19:00etan, udaletxeko udal batzar aretoan; sarrera librea izango da, edukiera bete arte.
Donostiako Udalaren Txistulari Taldea, Jose Ignazio Piter Ansorena buru, igandero-igandero ateratzen da Parte Zaharreko kaleetatik diana eta ondoren asteroko kontzertua jotzera, eta hiriko ekitaldi ofizial gehienak girotzen izaten dira. Izan ere, Donostiak lotura handia du txistuarekin, eta hiriaren parte garrantzitsu bat da taldea, hein handi batean, Isidro Ansorena Eleizegik (Hernani, 1892 – Donostia, 1975) egindako lanari esker. Hain zuzen, duela 100 urte, 1922an, hartu zuen taldearen zuzendaritza, eta urteurrenaren bueltan, Isidroren eta Udalaren Txistulari Taldearen historia jaso du Aritz Gorrotxategi idazleak Hiru Txulo. Donostia eta txistua liburuan, Isidroren biloba Piterrekin elkarlanean. Erein argitaletxeak kaleratu du liburua, udalaren babesarekin, eta liburu dendetan eskuragarri dago jada. Astelehen goizean aurkeztu dute Eneko Goia alkateak eta Ansorenak berak; Gorrotxategi ezin izan da aurkezpenean egon, koronabirusa dela eta.
“Txistuak, Donostiak bezala, hiru zulo ditu”, nabarmendu du Ansorenak, txistuak eta Donostiak lotura handia dutela azaltzen ari zenean. Izan ere, garai batean Irutxulo deitzen zioten Donostiari, itsasotik ikusita, hiriak hiru zulo dituelako. Era berean, txistuaren ezaugarri nagusia hiru zuloak dira, eta beraz, esku bakarrarekin jo daiteke, bestearekin danborra jotzeko; danbolina osatzen du bikote horrek. Hiriaren eta txistuaren arteko harreman horretan garrantzia handia izan zuen Isidro Ansorenak, bere bilobak azaldu duenez: “Isidro Ansorena Eleizegi txistuaren historiaren izen handienetako da, zalantza izpirik gabe […]. Donostiako Udalaren Txistulari Banda punta-puntako erreferentzia taldea izatera eraman zuen”. Hedabide honek taldearen historia eta izaera errepasatu zuen 2019an, erreportaje sakon baten bidez.
Horrez gain, 36ko gerraren ostean, Isidro Ansorenak lan handia egin zuen Euskal Herriko Txistulari Elkartea berpizteko, Piterren esanetan, Isidrok “zerbitzu gisa” ulertzen baitzuen bere lana. “Horretan gailendu zen, beti zerbitzuan”, gaineratu du Piterrek. Era berean, Gorrotxategiren lana goraipatu du: “Ez da erraza nirekin lan egitea, gogaikarria naizelako, baina berak ez du kexurik egin, eta lan ederra egin du”.
Nolako txistulari taldea, halako udala
Eneko Goia alkatea ere “ilusionatuta” agertu da liburuarekin, txistuak Donostiarekin duen lotura ondo azaltzen duelako. “Garai batean, ‘nolako txistulari taldea, halako udala’ esan ohi zen. Nik ez dut esango nolako udala daukagun, baina uste dut txistulari onak dauzkagula, beraz, pentsatzen dut ondorioa edonork atera dezakeela”, adierazi du alkateak.
Era berean, “irakurterraza” dela nabarmendu du, “Parisera bidean irakurtzeko modukoa” —igandean, Parisera Esther Ferrerri Urrezko Danborra ematera zihoala irakurri zuela aditzera emanez—. Horrez gain, liburua gauza asko “deskubritzeko” baliagarria ere badela esan du, baita berak ez zekizkien hainbat gauza liburuari esker ezagutu dituela kontatu ere: “Esaterako, ez nekien Isidro Ansorenak nire birraitonaren leku berean lan egiten zuela eta bera ere abertzaletasunarengatik espedientatua izan zela”.