Ibaeta Basketek sailkapenean gora egin nahi du
Kostata, baina Ibaeta Basketek liga berrartuko du asteartean, hilaren 18an, Teneriferen aurka jokatuko baitu Kanaria uharteetan. Ligako hainbat taldetan izandako koronabirus kasu kopuru handia dela eta, hainbat partida atzeratu egin dira, eta horietako bat da Teneriferen eta Ibaeta Basketen artekoa. Hilaren 8ko asteburuan ziren partida jokatzekoak, baina atzeratu behar izan zuten. Neurketa 21:00etan jokatuko dute.
Horrela, hamabost egunez jokatu gabe egon ostean, Azu Muguruzaren neskak lehiaketara itzuliko dira, sailkapenean gora egiteko asmoz, Tenerife garaituta. Hain zuzen, donostiarrak sailkapenaren erdialdean daude, zortzigarren postuan, eta kanariarrak azkenak dira. Muguruzaren taldeak goiko postuak ditu helburu, eta datozen norgehiagokak irabaziz gero, eskuratzeko aukera dauka. Dagoeneko hamazazpi jardunaldi jokatuta izan behar zituen Ibaeta Basketek, baina atzerapenak direla eta, hamalau baino ez dituzte jokatu.