Igeldoko Arrano Etxeari agur
35 urteren ondoren, Igeldoko Arrano Etxearen historia amaitzera doa, behin betiko atea itxiko baitute laster Mertxe Garcia eta Joxean Albisu senar-emazteek. 35 urteko ibilbidea egin du Arrano Etxeak, zauritutako animaliak, egoera irregularrean zeudenak edo galduta gurean agertutakoak artatzen. Besteak beste, belatzak, orkatzak, saiak, mirotzak, arranoak, elanoak, itsas txakurrak, azkonarrak, azeriak, lepazuriak, katagorriak, tximinoak, lehoiak, loroak eta tukanak artatu dituzte. Guztira, 8.000 bizitza baino gehiago salbatu dituzte.
Oraindik animaliak artatzen jarraitzen dute, baina laster bukatuko da euren jarduna, aldundiak beste egoitza bat irekiko baitu Urnietan. Arrano Etxeko animaliak hara eramango dituzte, eta orduan hartuko dute atseden Albisuk eta Garciak.
Berria egunkariak senar-emazteak elkarrizketatu ditu, Arrano Etxearen historia errepasatzeko. Nola hasi ziren azaldu dute, baita hainbat bitxikeria kontatu ere, besteak beste, Rockefeller bankariarekin egon zirenekoa. Era berean, “apur bat desilusionatuta” agertu dira Arrano Etxearen amaierarekin. Elkarrizketa osoa hemen irakurri dezakezue.