Lan erreformaren aurkako mobilizazioa egingo dute urtarrilaren 30ean
ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuek lan erreformaren aurkako mobilizazioa antolatu dute urtarrilaren 30ean. Sindikatuek azaldu dutenez, Espainiako Gobernuaren lan erreformak ez du 2012ko PPren lan erreforma indargabetu: “Langile klasearen pobretzea bilatzen zituzten tresna ia guztiak mantenduko dituzte hemendik aurrera ere”.
Bi kezka nagusi nabarmendu dituzte: “Batetik, negoziazio kolektiboan estatuko marko inposatzailea mantentzen dute eta ez diote segurtasun juridikorik eman EAE zein Nafarroan negoziatzen ditugun hitzarmenei. Euskal Herrian gure negoziaketak egin nahi ditugu langileen lan baldintzak hobetu ahal izateko, kanpo injerentziarik gabe”. Horrez gain, sektoretako lan-hitzarmenak enpresakoen gainetik egotea eskatu dute arlo guztietan, ez soilik soldatetan.
Lan erreforma Hego Euskal Herriko gehiengo sindikala kontuan hartu gabe egin dela salatu dute, Espainiako Estatuko hitzarmenak nagusitu direlarik. “Euskal Herrian lan harremanetarako esparru propioa eratzeko urratsak eman beharra” dagoela adierazi dute: “Euskal langileon lan eta bizi baldintzen inguruko erabakiak Euskal Herrian hartu behar dira, ez Madrilen”.
Hori dela eta, gehiengo sindikalak hilaren 30ean mobilizaziora deitu du. Protesta Hego Euskal Herriko hiriburuetan egingo da, eta Donostian, Alderdi Ederretik abiatuko da. Bestalde, Kongresuan Lan Erreformaren dekretuaren bozketaren bezperan, lantokien aurrean elkarretaratzeak egingo dituzte.