Haur danborradako pertsonaiak eta Danbor Nagusia aurkeztu dituzte Viktoria Eugenian

Haur danborradaren aurkezpena egin dute Victoria Eugenia Antzokian, Eneko Goia alkatearen eta Jon Insausti zinegotziaren eskutik, ostegunean festaren irudi izango diren pertsonaia gazteak aurkezteko. Pandemiak, aurten ere, San Sebastian eguna modu ezohikoan ospatzera eraman gaitu. Jakina denez, helduen danborrada eta bandera igoera eta jaitsiera bertan behera geratu dira, eta haur danborrada izango da kalera irtengo den bakarra.
Jon Insaustik adierazi duenez, ekitaldi “xumea” izango da aurtengoa, baina “poz handia” ematen dio eguna ospatzeko aukera izango dela ikusteak. Haur danborradako parte hartzaileak aurtengo San Sebastian egunean hiritar guztien ordezkari izango direla gogorazi die alkateak: “Zuek aterako duzuen zalaparta, gure zalaparta izango da”. Horrez gain, haur danborradaren atzean dauden nagusien lanari aitortza egin nahi izan die: “Honaino iristea asko kostatu da, eta egin duzuen lan guztia eskertzekoa da”. 26 ikastetxetako 30 konpainia aterako dira kalera, eta guztira, 2.956 haurrek hartuko dute parte. Hiriko bost gune ezberdinetan banatuko dira, eta antolatzaileek “egun horretan kontuz eta tentuz jokatzeko eta neurriak betetzeko” deia egin dute.
Ekitaldiari hasiera emateko, Ibai Ikastolako eta Sagrado Corazon Ikastetxeko hainbat kide eszenatokira igo dira danborra jotzera. Jarraian, udalean ordezkaritza duten alderdietako kideek haur danborradan parte hartuko duten konpainietako banderadunei domina banatu diete. Alkateak, berriz, Aginte makila eman dio Danbor Nagusiari, Orixe Ikastolako ikaslea den Lorea Arrieti. Ondoren, Mundaiz Ikastetxeko pertsonaiak igo dira oholtzara, eta jeneralak eta alkateak hartu dute hitza. Aurten ez da haur danborradaren hasieran udaletxeko balkoian egiten zen agerraldia egingo, eta beraz, Mundaiz Ikastetzeko ikasleek idatzitako bertsoa gaurko ekitaldian irakurri dute, ahal den moduan “festaz gozatzeko” gonbidapena luzatuz.