Loiolako Erriberako bizilagunak auzoan eraiki nahi dituzten dorreen aurkako sinadurak biltzen ari dira
Loiolako Erriberan 100dik gora etxebizitza berri izango dituzten bi dorre eraikitzekoa da, baina bizilagun ugari proiektuaren aurka agertu dira, eta auzotik sinadurak biltzen dabiltza. Besteak beste, auzo elkarteak eta Erribertxo kultur elkarteak salatu dute Loiolako Erriberak auzo ekipamenduak behar dituela, eta ez “adreilu gehiago”. Ildo horretatik, nabarmendu dute dorreak eraikitzekoak diren lursail hori dela auzoan ekipamenduak jartzeko libre gelditzen den bakarra. “Ia 6.000 biztanle gara, eta edozer gauza egiteko, auzotik ateratzera zigortuta gaude betirako”, deitoratu dute.
Dorre horietako etxebizitzak adineko pertsonentzako izango lirateke, eta auzokoek salatu dute ez dela leku egokia horretarako, besteak beste, zarata dela eta. Izan ere, autobidearen ondoan egongo dira dorreak, eta handik gertu bizilagunek egin dituzten zarataren neurketetan 70 dezibeliotik gorako zarata atzeman dute. “Debekatuta dago etxebizitzak eraikitzea, baina politikariek iruzurrezko formula hori onartzen dute”, gaineratu dute.
Bizilagunak irailean hasi ziren dorreen proiektuaren aurka mobilizatzen eta bilerak egiten, eta orain sinadurak biltzen ari dira. Aipatu eragileekin harremanetan jarrita lortu daiteke informazio gehiago.