"Nire kabuz asko entseatu dut etxean"

Danbor Nagusiaren figurak haur danborradako agintari nagusia ordezkatzen du. Aurten, Orixe Ikastolako Lorea Arriet Arrazolak hartuko du ardura hori. Orixeko ikastolako ikasleen artean zozketa egin zuten, eta hari tokatu zaio.
Normalean, San Sebastian egunean, haur danborrada hasi aurretik udaletxeko balkoitik Donostiako martxa zuzentzen du Danbor Nagusiak, parte hartzen duten konpainia guztiak Alderdi Ederretik jarraitzen duten bitartean. Aurten, ordea, ez da ohiko ekitaldia ospatuko. Hiriko bost gunetan banatuko dira. Orixe Ikastolari Erdialdeko ibilbidea egokitu zaio, eta bertan izango da Lorea Arriet zuzendari lanetan.
Zer moduz sentitzen zara Danbor Nagusi moduan? Nola hartu zenuen berria?
Oso ondo. Urduritasunez hartu nuen berria, abestiak oso ongi ikasi behar nituela konturatu nintzelako.
Entsegu asko egin al dituzue ikastolan?
Ikastolan ez hainbeste, baina nire kabuz asko entseatu dut etxean.
Lehenago aritu al zara zuzendari lanetan?
Bai, ikastolan urtero Trinitate plazara joaten gara danborra jotzera, eta bertan zuzendari izan nintzen behin. Baina horretarako ez nuen entseatu beharrik izan.
Zer gustatzen zaizu gehiago zuzendari izatea, danborra jotzea ala kupela jotzea?
Niri gehien gustatzen zaidana danborra jotzea da, ostegunean aterako diren danbor jotzaileak bezala, baina kupela ez dut sekula probatu.
Urduri al zaude ostegunerako?
Ez, lasai nago. Gaurko eguna zen urduritasun gehien sortzen zidana, aurkezpenaren eguna. Egun hau behin pasata, lasai aterako naiz ostegunean zuzendari moduan.