'Parkean' eskultura Vielha herrian jarriko dute, udalak Añorga Txikin jartzea baztertu ostean
Añorgako Josean Diez de Quevedo Jadiku artistaren Parkean eskulturak pandemian bilobak zaintzen dituzten aitona-amonak omentzen ditu. 2020an ikusgai jarri zuen Aieteko parkean aldi baterako, eta iaz Añorga Txikin jartzeko eskaera luzatu zion artistak Donostiako Udalari. Ordea, udalak uko egin zion eskaintzari, Añorga Txikitarrak auzo elkarteak nabarmendu duenez. Hain zuzen ere, Añorga Txikiko parkearen ondoan dago Jadiku-ren Zergatik eskultura.
Hori dela eta, artistak Vielhako udalari (Herrialde Katalanak) proposatu zion eskultura han jartzea, maiz bisitatzen duelako. Udalak esker onez hartu zuen, eta leku bat egin diote herrian. Zehazki, Vielhako ospitale ondoko berdegune batean jarriko dute hilaren 22an, zaharren egoitza batetik gertu. Horrela, eskulturak bere jatorrizko funtzioa beteko du: adinekoak omentzea. Eskulturaren izena elebitan jarriko dute: Parkean / En Parc (Aran ibarreko hizkuntzan).
“Zortedunak Vielhakoak obra polit hau beren hirian izango dute eta, pozten gara beraiengatik”, adierazi du Añorga Txikitarrak auzo elkarteak.