Urrezko Danborra eta dominak euren jabeen eskuetan daude
San Sebastian eguna bere horretan ospatu ezinik ere, Donostiak Urrezko Danborra eta Hiritar Merezimenduaren Dominak banatu ditu. Esther Ferrer, Añorga Kirol eta Kultur Elkartea, Bidegin elkartea, Jose Maria Leclercq historialaria, Kresala Zinekluba eta Zurriola Antzerki Eskola saritu ditu. Udalak ekitaldi hunkigarria egin du Viktoria Eugenia antzokian.
San Sebastian bezperan, Hiritar Merezimenduaren Dominak banatu ohi ditu udalak urtero, baina aurten, pandemiaren eraginez, ekitaldi berean egin dute Urrezko Danborraren entrega eta dominen banaketa, Viktoria Eugenia antzokian. 19:00ak pasata sartu dira Eneko Goia alkatea eta saritu guztiak antzokian, ikusleen txaloen artean eta udaleko txistulariek diana jotzen zuten bitartean. Ekitaldia irekitzeko, alkateak hartu du hitza, eta San Sebastian eguna behar bezala ospatu ezin izan izatea “tristea” dela deitoratu badu ere –jakina denez, ez da danborradarik ez ekitaldi handirik izango– , egoera “iazkoa baino hobea” dela nabarmendu du: “Hemen bildu izana, eta ekitaldi hau ospatzea, bada zerbait azpimarragarria”. Iazko egoera ere gogorarazi du: “Isiltasunak festa baztertu zuen; jendez lepo egon ohi diren kaleak, hutsik ikusi genituen. Alaitasuna tristura bilakatu zen”. Horrela ere, gauzak “perspektibaz” begiratzeko beharra nabarmendu du, baita bihar hirian danbor eta upel hotsak entzungo direla ospatu ere: “Bihar gure kaleetan berriz ere entzungo ditugu Danbor hotsak eta Sarriegiren doinuak, umeen danborradak kalera irteten direnean. Haurrak izango dira gure itxaropenaren sinboloa”.
Abenduan zendutako Tomas Hernandez Mendizabal artista donostiarraz gogoratzeko tartea ere izan du Goiak, berak diseinatu baitzuen Urrezko Danborra 50 urtez. Ondoren, aurtengo Urrezko Danborraren, Esther Ferrer artistaren, figura goraipatu du: “Gustatuko litzaiguke hemen egotea, beraz harro gaudela esateko, baina performance bat izango balitz bezala, berak badauka Urrezko Danborra”. Dominen saridunentzako ere hitz batzuk izan ditu: “Domina hauek jasotzeko ohorea duzuenak gainontzeko herritarrak iristen ez garen tokietara iristen zarete. Zuei esker, Donostia hiri hobe bat da”. Hitzartzea amaitzeko, itxaropentsu agertu da datorren urtera begira: “Sinistuta nago datorren urtean gure hiriko festa nagusia, San Sebastian eguna, merezi duen bezala ospatuko dugula: elkarrekin eta danborraren bueltan. Bitartean, zaindu gaitezen elkar, eta eutsi diezaiogun animoari eta umoreari. Mila esker guztioi eta gora Donostia!”.
Ferrer, eskertuta
Alkatearen hitzen ondoren, Esther Ferrer artistaren ibilbidea errepasatu duen bideo bat proiektatu dute, non San Telmo Museoko, Artiumeko, Tabakalerako eta Koldo Mitxelenako hainbat adituren eskutik, Ferrerrek Donostiako eta nazioarteko artean izandako garrantzia goraipatu duten. Era berean, bere obra betidanik oso “apurtzailea” izan dela nabarmendu dute, baita bere konpromiso feminista nabarmendu ere. “Artea eta bizitza, binomio banaezina Esther Ferrerri dagokionez”, zioten adituek bideoan.
Ondoren, alkatea eta Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendaria Parisera Urrezko Danborra Ferrerri ematera joan zireneko bideoa proiektatu dute. Bertan, Ferrer “oso eskertuta” agertu da sariarekin, eta Felix Zubia Donostia Unibertsitate Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako zuzendariari eskerrak eman dizkio.
Hiritarrei, merezitako dominak
Txistulariek Iriyarena abestiaren doinuekin itxi dute Urrezko Danborraren blokea, eta alkatea Hiritar Merezimenduaren Dominak banatzen hasi da. Saridun bakoitzaren historia eta eguneroko jarduna errepasatu duen bideo bana proiektatu dute, eta banan-banan oholtzara igotzen joan dira saridunak. Denak “eskertuta” eta “pozik” agertu dira.
Añorga Kirol eta Kultur Elkartea izan da lehena, eta Haritz Illarramendi lehendakariak jaso du domina. Elkarteak 100 urte bete ditu, eta lehenengo egunetik helburu berarekin lan egiten dutela nabarmendu du: “Auzoa saretzeko lan egin dugu 100 urtez”. Era berean, Añorgan euskarak duen garrantzia goraipatu du, udalak auzoan eraiki nahi dituen etxebizitza berrien proiektuaren aurka mobilizatzen ari diren herritarrek erabiltzen duten leloa erabili du: “Añorga auzo euskaldunenetako bat da, eta hori mantendu behar da. Añorgan euskaraz bizi nahi dugu!”.
Bidegin elkarteko Izaskun Andonegi igo da ondoren oholtzara. Bere elkarteak heriotzari lotutako dolua kudeatzen laguntzen die herritarrei, eta lan hori aitortzea “oso garrantzitsua” dela adierazi du: “Bideginen lana aitortzeak suposatzen du denon bihotzean eta buruan jartzea doluaren beharraren aitorpena”. Ekitaldiko unerik hunkigarriena izan da.
Jose Maria Leclercq historialaria izan da hirugarren saritua, 1813ko Donostiaren setioari eta erreketari buruz azken hogei urteotan egindako lanarengatik. Leclercq bere aitarengatik hasi zen 1813an Donostian gertatutakoaz ikertzen, eta berari eskaini dio saria. Era berean, “gure historia” ezagutzearen “garrantzia” nabarmendu du, eta iragarri du bere hurrengo pausoa 1813an hirian gertatutakoari buruzko liburu bat argitaratzea izango dela: “Egunez egun gertatutakoa kontatzeko, ikuspegi gizatiarretik”.
Kresala Zinekluba izan da laugarrena, eta Luis Bergua sortzaileak, Goiaren laguntzarekin (oso heldua da), jaso du domina. Ana Piñel egungo zuzendariak hartu du hitza, eta zinekluba ezagutzera animatu ditu herritar guztiak. “Sortu zenean, beste mundu batera ematen zuen leiho bat zen zinekluba. Gaur egun, ilusiora ematen duen leiho bat izaten jarraitzen du”, gaineratu du. Zineklubak 50 urte bete ditu 2022an.
Azkenik, Zurriola Antzerki Eskolakoek jaso dute azken domina, eta ekitaldiari umore puntu bat jarri diote, antzerki talde guztietako aktoreak oholtzara ateratzen joan baitira, Joserra Fachado zuzendariak eta Oihana Maritorena irakasleak hitz egiten zuten bitartean.
Saridun guztien lana beste behin aitortzeko, aurreskua dantzatu diete, eta, txistulariek oholtzan zeuden danbor eta upel jotzaileekin batera San Sebastian martxa jo dute, ekitaldiari amaiera emateko. Bihar haurrenak izango dira hirian entzungo diren danbor eta upel doinu nagusiak, San Sebastian egun ezohikoa ixteko.
Jarraian, ekitaldiko irudi bilduma: