Bandera jaitsiera inprobisatua egin dute Ikatz kalean
Erabat ezohikoak izan dira aurtengo sansebastianak, besteak beste, ez delako bandera igoera eta jaitsiera ofizialik izan Konstituzio plazan. Ikatz kalean, ordea, ohiko bandera jaitsiera egin zuten gauerdian, modu inprobisatuan.
Handik zebiltzan herritarrek San Sebastian martxa jo zuten, beste batek bandera astintzen zuen bitartean, giro ederrean. Iaz, etxeratze aginduarekin, kaleak hutsik egon ziren, baina aurten, San Sebastian eguna bere horretan ospatu ezinik ere, beste giro bat izan da Donostiako kaleetan, Ikatz kaleko bandera jaitsieraren bideo honetan ikus daitekeen moduan:
Duela bi urte, 2020an, pandemia heldu aurretik, egin zuten Ikatz kaleko azken bandera jaitsiera handia. Hura, gainera, berezia izan zen, 2019ko abuztuan zendutako Jonpa Albisuren omenez egin baitzuten. Donostiako eta, bereziki, Parte Zaharreko herri mugimenduan oso ezaguna zen Albisu euskaltzalea.