Betis izango da Realaren aurkaria kopan
San Sebastian bezperan Atletico Madril 2-0 garaitu ostean, Realak Betisen aurka jokatuko du Espainiako Kopako final laurdenetan. Eguerdian egin dute zozketa Madrilen, eta txuri-urdinei Betisen aurka etxean jokatzea egokitu zaie. Otsailaren 3an izango da neurketa.
Betis hirugarren sailkatua da ligan, eta bolada on batean murgilduta dago taldea. Reala, ordea, urte amaiera zail baten ondoren, sentipen onak izaten ari da berriz zelaian, azken hiru partidak irabazita. Partida Anoetan izango denez, txuri-urdinek euren zaleen babesa izango dute Betis kanporatzeko.
Final laurdenetara iristeko, Realak Panaderia Pulido garaitu zuen lehenengo kanporaketan (0-4), Zamora bigarrenean (0-3), Leganes final hamaseirenetan (2-3) eta Atletico Madril final zortzirenetan (2-0).
Beste partidak
Final laurdenetako zozketan, Realaz eta Betisez gain, Athletic, Real Madril, Cadiz, Rayo Vallecano, Valentzia eta Mallorca zeuden. Athelticek Real Madrilen aurka jokatuko du San Mamesen, Valentziak Cadizen aurka Mestallan eta Rayo Vallecanok Mallorcaren aurka Vallecasen.