EH Bilduk dio Eneko Goiaren etxebizitza politika dela donostiarrak kanporatzen ari dena
Eneko Goia alkateak elkarrizketa batean egindako adierazpen batzuen harira, EH Bilduk oharra plazaratu du. ElDiario.es atariari eskainitako elkarrizketan zera dio: “Zure auzoan zahartu nahi izatea nahiko apetatsua izatea da”.
Esaldi horrek zeresana eman du, eta herritar zein eragile batzuek euren haserrea adierazi dute sare sozialetan. “Ez da gutxiagorako, izan ere, orain arte ikusi gabeko zerbait zen, alkate batek, hain esplizituki, bere bizilagunak kanporatzen dituen fenomenoa babestea. Ehunka donostiarrek pairatzen duten egoerarengatik kezkatuta agertu beharrean, eta espekulazio praktiken aurkako mezuak bota beharrean, praktika horiek Eneko Goiak ulertu eta justifikatu egin ditu. Eta, gainera, kaltetuen aurkako adierazpenak egin ditu, apetatsuak direla leporatuta, beren eskubideak aldarrikatu besterik egiten ez dituztenean”, azaldu du EH Bilduk.
Esandakoa baino “kezkagarriagoa” iruditzen zaie udal gobernuaren etxebizitza politika: “Horren ondorioz, erdiguneko auzoek biztanleria galtzen dute urtetik urtera, batez ere gazteak, eta espazio hori pisu turistikoak, funts putreak, luxuzko etxebizitzak eta espekulaziora bideratutako etxebizitza hutsak betetzen ari dira. Izan ere, Eneko Goia alkatea denetik, pisu turistikoak eta hotelak biderkatu dira gure hirian. Udal Gobernuaren zifren arabera, 2016. urtetik hona 45 hotel (edo antzekoak) berri ireki dira Donostian. Hau da, 2016an zeuden 7.652 plazatik 11.272ra igaro dira (+% 47). Eta pisu turistikoei dagokienez, ehunka dira legeztatutakoak, EAJk eta PSE-EEk lehenengo solairutik gorako etxebizitzak baimentzeko erabaki politikoa hartu ondoren”.
Alokairuen prezioari, etxebizitzen salmenta prezioari eta datu demografikoei ere erreparatu die EH Bilduk. “Idealista.com atariaren arabera, alokairuaren prezioak beste errekor historiko bat markatu zuen 2021an Donostian: 15,5 euro metro koadroko; %3,3 gehiago 2020arekiko. Horrenbestez, Eneko Goiaren agintaldian, alokairuaren prezioa %33 garestitu da”. Etxebizitzen salmenta prezioari dagokionez, “atari digital beraren arabera, burbuila inmobiliarioaren prezioen gainetik dago jada, eta aurtengo irailean 4.978 euro metro koadroko errekor historikoa markatu du”.
Bestalde, populazioaren galerarekin kezkatuta agertu da udal taldea: “Gros auzoari erreparatzen badiogu, errealitatea hauxe da: bertako auzotar askok alde egin behar izaten dute ez dutelako etxebizitza duin baterako sarbidea. Datuak argiak dira: Donostian etxebizitza bat erostea zaila bada, are zailagoa da Grosen (%18 garestiagoa); alokairuaren prezioa, bestalde, 1.300 euro ingurukoa da; babestutako etxebizitzarik ez dago, eta biztanle kopurua jaisten ari da etengabe (1.100 bizilagun galdu zituen Grosek 2010etik 2019ra bitartean, eta beste 177 2020ean). Modu paraleloan, gero eta pisu turistiko gehiago dago (300 inguru) eta gero eta hotel gehiago (Mariaren Bihotza eta Inmaculada ikastetxeetako proiektuak, azkenak)”.