Ernaik eta LABek Nafarroa hiribidea moztu dute, osasun sistema publikoko langileei elkartasuna adierazteko
Igandeko manifestaziora begirako ekintza egin dute ostiral arratsaldean Ernaik eta LAB sindikatuak Groseko Nafarroa hiribidean, errepidea pankarta handi batekin moztu baitute. Azaldu dutenez, “osasun sistema publikoko langileei elkartasun osoa adierazteko eta agintari publikoen arduragabekeria salatzeko” egin dute ekintza. Salatu dutenez, ekintza egiten ari zirela, “eraso faxita bat” jasan dute: “Kide bat jotzeaz gain pankarta kentzen ere saiatu da”. Era berean, Ertzaintzak ekintza gauzatzen ari zirenak identifikatu dituela deitoratu dute.
“Ezin dugu beste aldera begiratu… guztion ardura delako osasun sistema publikoa defendatzea; urtarrilaren 23an kaleak hartuko ditugu!“, gaineratu dute. Hain zuzen, osasun arloko gehiengo sindikalak deituta ( Satse, ELA, LAB, CCOO eta UGT), manifestazioak egingo dituzte igandean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetan, “lehen mailako arretaren kolapsoa” eta ospitaleetako arretaren “gainkarga” salatzeko. Donostiakoa 12:00etan aterako da, Bulebarretik.
Gaur urtarrilaren 21ean, @LABdonostia eta ERNAIko kideok Groseko Anbulategi aurreko Nafarroa Hiribidea moztu dugu osasun sistema publikoko langileei elkartasun osoa adierazi eta agintari publikoen arduragabekeria salatzeko. pic.twitter.com/QxBKsIILGP
— Ernai Donostia (@ErnaiDonostia) January 21, 2022