Lucas Egibar Pekingo Neguko Olinpiar Jokoei begira dago
Otsailaren 4tik 20ra bitartean jokatuko dira Pekinen XXIV. Neguko Olinpiar Jokoak. Hori dela eta, BAT Basque Team fundazioa BAT to Beijing erreportaje sorta osatzen ari da. Igandean, Garaipen gosea izeneko atal berria emango dute ETB1eko Helmuga saioan. Oraingoan, Lucas Egibar snowboarder donostiarra izango da protagonista nagusia. Alboan izango ditu, Alvaro Romero donostiarra eta Irati Idiakez getariarra. Hona hemen Korima Films ekoiztetxeak egindako erreportajearen aurrerapena.
Egibar snowboardcrosseko egungo munduko txapelduna da, eta horrek, hasiera batean, bere hirugarren Olinpiar Jokoei aurre egiteko presioa gehiago sor diezaiokeen arren, elementu motibagarria ere bada. Donostiarrak udan bizkarreko arazoak izan ditu, hainbeste urtetako diziplina uztea ere pentsatuz, baina bolada zail hori atzean utzi du. Orain, talde berritu batekin, 2014ko Sotxiko diplomaren eta 2018ko Pyeongchangen makalaldiaren ondoren, desiratutako domina olinpikoaren bila dabil. Denboraldi honetan, Cerviniako Munduko Kopan brontzea lortu du, eta Pekinen podiumera berriz igotzea espero du, bere palmaresari ginga jarriko liokeen domina olinpikoa eskuratzeko.
Horrekin ere amesten du Alvaro Romero gazte donostiarrak, nahiz eta helburu hori urrunago izan. Basque Teameko bekaduna senior mailako estatuko taldean sartu da aurten, onenekin lehiatzeko. 2020ko Gazteen Jokoetan lortutako brontzearen ondoren, podiumak lortu ditu Europako Kopan eta hogei onenen artean sailkatu da Munduko Kopan denboraldi honetan.