Pertsonaia konplexuak arazo konplexuentzat

Zuzendaria: Maggie Gyllenhaal
Urtea: 2021
Herrialdea: AEB
‘THE LOST DAUGHTER’
Ez da erraza izaten pertsonaiekiko jarrera hartze manikeorik egin nahi ez duen film politiko bat aurkitzea. Agian, manikeismo horixe da, izan ere, biolentzia estrukturalak dauden moduan uzteko sistemari gehien interesatzen zaiona: balorazio etikoak banakakoen ekintzetara soilik murriztea (bai errealitatean eta bai fikzioan). Hala ere, perspektiba feminista batetik abiatuz gero behintzat, susma daiteke injustizia askok giza harremanak baldintzatzen eta gidatzen dituzten estrukturetan dirautela finko (horra hor Iris Marion Youngen Injustizia estrukturala-ren ideia). Hots, askotan ez du zentzu handirik izaten jarduera partikularrak ontzat edo txartzat epaitzeak, testuinguruaren eragina aurretik kontuan izan ez bada. Baliteke azken urteotako zinema mainstream-ak filosofia estrukturalista horri zerbait zor izatea: Birds of Prey, Promising Young Woman, Cruella… Zergatik bihurtu ote dira, bada, bilau klasikoak antiheroi (pseudo) feminista? Joaquin Phoenixen Jokerraren mendeku logika jarraituz edo, bere izaera eraiki duen sistemari mendeku bila ari ote zaizkio?
Argi dago protagonista horiek ez direla bertute ereduak, eta istorioek ironia puntua badutela heroiaren narratiba klasikoren ikuspuntutik. Hala ere, uste dut interesgarriagoa dela Maggie Gyllenhaalek The Lost Daughter-ekin arazoaren aurrean eskaini digun proposamen estetikoa, ez baita gehiegikeria umoristikoaren erosotasunean ezkutatzen. Ezin da ukatu zaintza lanen mundua genero desberdintasunez beteta dagoela, eta oraindik ere klase horretako ardurak jasan ezin dituzten emakumeen aurrean jendea eskandalizatu egiten dela. Olivia Colmanek eta Jessie Buckleyk (bizitzako momentu ezberdinetan) gorpuzten duten pertsonaia, «ama arduragabetzat» edo hartuko dute batzuek, seguru asko. Izan ere, filmaren flashbackak ez dira testuinguru zail batekin pertsonaiaren arduragabetasuna justifikatzen saiatuko (hortxe datza Jokerren tankerakoen sinplismoa); alderantziz, flashback horien bidez moral gero eta konplexuagoa agertuko du pertsonaiak. Ñabarduraz jositako pertsonaia da Leda: lan arrakastaren eta ama eginkizunen bidegurutze arazotsu (eta estruktural) horretan lehiatuko da. Manikeismo gabe erakutsiko digu filmak, eta eskertzekoa da.
Ikuspuntu subjektiboa duten pelikula askotan egin ohi den legez, Gyllenhaalek kamera eskuan daramala filmatuko du istorioa, protagonistarengandik hurbil-hurbil. Aukeratutako formatuak ez du ezer berririk proposatzen, eta esan liteke Olivia Colmanek ia bi orduz kamera aurpegi aurrean mantentzeko duen gaitasun magnetiko horrek libratzen duela filmaren nortasun falta estilistikoa. Horrez gain, Ledaren mesfidantza orokorra adierazteko, flashbackak ondo dosifikatuz, misterio sentsazioa lortu nahi du Gyllenhaalek. Noizbehinka, Antena 3n igande arratsaldeetan jartzen dituzten thriller horietako baten antza hartzen du, ordea; zergatik jarri dio bestela Netflixek La hija oscura izena, itzulpen zuzena La hija perdida bada? Nolanahi ere, arazo politiko konplexu bat era konplexuan lantzeko saiakerak badu bere merezimendua, eta Olivia Colmanen laguntzarekin egina izanez gero, are hobeto irabazia.