Ibaeta Basket gailendu da Gernikaren aurkako derbian

Bere bolada onarekin jarraitzen du Ibaeta Basketek, Gernikaren aurkako euskal derbia irabazita. Azken neurketetan izandako sentipen eta emaitza onei jarraipena eman die Azu Muguruzaren taldeak: 75-54 irabazi du, Gascan. Hirugarren zatira arte parekatua izan zen neurketa, baina laugarren zatian aise gailendu ziren donostiarrak. Horrela, sailkapeneko seigarren postuan dago Ibaeta Basket.
Eskubaloian, Bera Bera lehiaketara itzuli da bi hilabeteren baino gehiagoren ondoren, eta 2022ko lehenengo garaipena eskuratu du. Defentsan zorrotz aritu ziren donostiarrak, eta horri esker lortu zuten Morvedre etxetik kanpo irabaztea: 20-30. Ligako lehenengo postuan jarraitzen du Bera Berak.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko neskek aurreko jardunaldiko porrota ahaztu zuten larunbatean Valkyrias mendean hartuta. Aise menderatu zituzten gol asko eginda; zehazki, hamazazpi. Aldiz, mutilen taldea ez dago bere onenean, beste porrot bat izan baitu asteburu honetan. Majadahondaren aurka jokatu dute donostiarrek etxean, eta 3-7 galdu dute (2-1, 0-2, 1-4).
Azkenik, futbolean, Realak Getaferen aurka jokatu zuen igandean Anoetan, eta 0-0 amaitu zen neurketa. Txuri-urdinak hasieratik saiatu ziren gola egiten, Getafe ez bezala. Merinoren falta sufritu zuen Realak, baina horrela ere, zelaian nagusi izatea lortu zuen; ordea, gola ez zen iritsi. Amaieran, Isakek bi aukera argi izan zituen, baina ez zuen zortea bere alde izan.
EMAITZAK:
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 18. jardunaldia
- Ibaeta Basket 75 – Gernika 54
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 12. jardunaldia
- Morvedre 20 – Bera Bera 30
Izotz Hockeya
Emakumezkoen lehen maila, 12. jardunaldia
- Txuri Urdin 17 – Valkyrias 0
Gizonezkoen lehen maila, 17. jardunaldia
- Txuri Urdin 3 – Majadahonda 7
Futbola
Gizonezkoen lehen maila, 22. jardunaldia
- Reala 0 – Getafe 0