La Sirena aterpetxea irekita mantentzeko eskatu du Elkarrekin Donostiak
Hiritarron Harrera Sarearen eskaerarekin bat egin du Elkarrekin Donostiak, eta udal gobernuari eskatu dio Ondarretako La Sirena aterpetxea negu osoan irekita mantentzeko. “Protokoloak dio tenperaturak zero gradu ingurukoak izan behar direla ireki dadin, baina baliabide hori egonda, ez du zentzurik itxita egotea gauetan egiten ari den hotzarekin”, nabarmendu du Aitzole Araneta bozeramaileak.
Era berean, gunea irekitzeko irizpideak aldatzeko eskatu du Aranetak: “Aterpetxea ez litzateke modu arbitrarioan ireki eta itxi behar, gure hirian kalean etengabe bizi diren eta zerbitzu hori behar duten pertsonak daudela dakigunean”.
Horrela, bi dira dagoeneko Hiritarron Harrera Sarearekin bat egin duten oposizioko taldeak, EH Bilduk ere eskatu baitu aterpetxea irekitzeko irizpideak aldatzeko.