Lucas Egibarren garaipen gosea

BAT Basque Team fundazioa BAT to Beijing erreportaje sorta osatzen ari da, Pekingo XXIV. Neguko Olinpiar Jokoak direla eta –otsailaren 4tik 20ra jokatuko dira–. Atzo, ETB1eko Helmuga saioan Garaipen gosea atala eman zuten, eta Lucas Egibar snowboarder donostiarra da protagonista. Era berean, erreportajean azaltzen dira beste bi snowboarder: Alvaro Romero donostiarra eta Irati Idiakez getariarra. Korima Films ekoiztetxea arduratu da bideoaz.
Egibar snowboardcrosseko egungo munduko txapelduna da, eta horrek, hasiera batean, bere hirugarren Olinpiar Jokoei aurre egiteko presioa gehiago sor diezaiokeen arren, elementu motibagarria ere bada. Donostiarrak udan bizkarreko arazoak izan ditu, hainbeste urtetako diziplina uztea ere pentsatuz, baina bolada zail hori atzean utzi du. Orain, talde berritu batekin, 2014ko Sotxiko diplomaren eta 2018ko Pyeongchangen makalaldiaren ondoren, desiratutako domina olinpikoaren bila dabil. Denboraldi honetan, Cerviniako Munduko Kopan brontzea lortu du, eta Pekinen podiumera berriz igotzea espero du, bere palmaresari ginga jarriko liokeen domina olinpikoa eskuratzeko.