'Elketa' liburua: sukaldaritza bi norabidetan
Iñigo Esnaola Arbiza sukaldariak (Lezo, Gipuzkoa, 1973), Euskal Wikilarien Elkartearekin elkarlanean, Elketa sukaldaritza liburua argitaratu du, bi formatutan: paperezko liburu bat da eta wikiliburu bat ere bada. Hau da, fisikoki eskuratu daiteke liburua (Hontza liburu dendan) eta Internet bidez kontsultatu daiteke, euskarazko Wikimediako Wikiliburuak atalean. Xabier Cañas eta Iñaki Alegria wikilari donostiarrek hartu dute parte wikiliburuaren ekoizpenean.
Esnaolak 400 errezeta inguru bildu ditu liburuan (bakoitza bere argazki eta guzti), baina sukaldaritzako teknikak ere jaso ditu: janaria prestatzeko moduak, mozteko moduak, tresneriaren euskal izenak, eta abar. Horiek guztiak eta liburutik kanpo gelditu diren batzuk daude eskuragarri wikiliburuan, atalka sailkatuta eta, noski, euskara hutsean. Horregatik, Xabier Cañas wikilarien elkarteko kideak nabarmendu du “bi norabideko liburua” dela, “paperetik digitalera eta alderantziz”. Gainera, Esnaolak zein Cañasek nabarmendu dute wikiliburua handitzen jarraituko dutela eta CC lizentziaren bidez edonork zabaldu dezakeela.
Hutsune bat betetzera dator
“Liburua zaletasun eta militantzia batetik dator”, nabarmendu du Cañasek, Esnaola “sukaldaria eta euskaltzalea” dela azaltzeko. Ildo beretik jo du Esnaolak: “1987an, 14 urterekin, Mirakruz gainean zegoen sukaldaritza eskolara etorri nintzen ikastera, eta beste mundu batekin egin nuen topo: alde batetik, oso inguru euskaldun batetik nentorren, eta ikusi nuen Donostian gaztelania asko erabiltzen zela, baita gastronomian gauza bera gertatzen zela ere”. Era berean, gogoratu du “harritzekoa” iruditu izan zaiola beti Euskal Herriko sukaldari handiek euren jatetxeetan euskara lehenengo mailan ez erabiltzea: “Bertako produktuak bai, baina bertako hizkuntza ez”.
Orduan, sukaldaritzaren arloan euskarazko zerbait idazteko gogoa sartu zitzaion, baina 2020ko konfinamenduan erabaki zuen behingoz idazten hastea: “Goizeko bostetan esnatzen hasi nintzen, klaseak ematera joan aurretik idazteko. Azkenean gauza asko nituen idatzita, baina ez nekien zer egin. Alegriarengana jo nuen, berak Cañas aurkeztu zidan, eta wikiliburua sortzeko ideia garatzen hasi ginen”. Bitxikeria gisa, Elketa izena jarri dio liburuari, bere familiaren jatetxea izan baitzen urte luzez.