Kontxako eta Ondarretako kabinak itxiko dituzte otsailetik ekainera
Kontxako eta Ondarretako hondartzetako kabinen zerbitzua bertan behera geldituko da otsailaren 1etik maiatzaren 31ra, zaharberritze lanak egiteko itxiko dituztelako. Udala gaur da proiektua onartzekoa, Noticias de Gipuzkoa hedabideak aurreratu duenez. Pandemiaren aurretik ziren kabinetako zaharberritze lanak egitekoak, baina pandemia dela eta, udalak atzeratu behar izan zituen.
Zurriolakoak ez bezala, Kontxako eta Ondarretako kabinak urte osoan zehar egoten dira irekita, eta Gureak enpresak kudeatzen du zerbitzua; orain, Gureaken zerbitzua ere bertan behera utziko dute.
Zaharberritze lanen proiektuak 490.400 euroko aurrekontua izango du, eta hogei astetan gauzatu beharko dute. Besteak beste, estalkitik ura sartzea eta arkupeetatik gertu dagoen eremuan zuloek gainezka egitea saihestuko dute, baita estalkiak birgaitu ere.