Oreka izango da Dferia jaialdiaren gai nagusia
Martxoaren 14tik 17ra bitartean izango da XXVIII. Dferia jaialdia. 26 konpainien 26 ikuskizun eta 40 emanaldi izango dira Donostiako hainbat antzeztokietan. Aurtengo gaia oreka izango da, eta ardatz horren inguruan garatuko da hein handi batean jaialdiaren ildo editoriala. Gaur jaialdiko programa eta kartela aurkeztu dituzte.
Reskate arte kolektiboak sortu du aurtengo kartela. Maria Lopez eta Javier de Ribak osatutako taldea da eta egindako lanak aurtengo gaiari erantzuten dio. Honela deskribatzen dute eurek: “Irudi bat, osagai guztiak harmonian dituena. Konposizio simetrikoagatik ez ezik, baita aurpegi neutroa ageri duelako ere, seriotasunaren eta irribarrearen artean: emozio jakin bat adierazi aurreko oreka une horretan. Gainera, errezelak, ilunean argituriko aurpegi horren ilea balitz bezala, arte eszenikoak agertzen dizkigu”.
Ikuskizunei dagokionez, %54 estreinaldiak izango dira, bost mundu mailan eta zortzi Euskal Herrian. Diziplinei dagokionez, %42 dantzaldiak izango dira, %54 antzezlanak eta %4 diziplina anitzeko emanaldiak. Programazioa webgunean dago ikusgai.