Aitzole Aranetari emango diote Naizen sarietako bat
Naizen Adingabe Transexualen Familien Elkarteak bere sariak banatuko ditu larunbatean, hilaren 29an, Gasteizen (Araba), eta Aitzole Araneta sexologo, berdintasun teknikari eta transexualen eskubideen aldeko ekintzaile donostiarra izango da sarituetako bat. Elkartearen hitzetan, “Naizeneko pertsona askorentzat bizitza duinaren erreferente izateagatik eta beti bere laguntza eta maitasuna eskaintzeagatik” sarituko dute. Gaur egun, Araneta zinegotzi lanetan dabil udalean, eta Elkarrekin Donostiaren udal taldearen bozeramailea da.
Aranetaz gain, Naizenek Jose Luis Quintas Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuordea eta Ekai Lersundi gazte transexual ondarrutarraren gurasoak, Ana Martinez eta Elaxar Lersundi, sarituko ditu. Quintas “osasun zerbitzuetako solaskide gisa egiten duen lana entzuteagatik eta ulertzeagatik, zubiak eraikitzeko inplikazio pertsonalagatik eta transexualitate egoeran dauden pertsonei kalitatezko osasun arreta ematen jarraitzeko apustu irmoagatik” sarituko dute. Ekai Lersundiren gurasoei dagokienez, honakoa azaldu du elkarteak: “Hirugarren omenaldia Ana Martinezentzat eta Elaxar Lersundirentzat da, sufrimendu handiena, Ekai semearen heriotza, argi eta gidari bihurtu dutelako; transexualen eskubideen aldeko indarra, sendotasuna, kemena eta iraunkortasunagatik eta samuraiaren sugarrari bizirik eusteagatik. Ekairena ez zela inoiz gertatu behar gogorarazteko eguneroko borrokagatik”. Gogorarazi behar da gazteak bere buruaz beste egin zuela 2018an, tratamendu hormonal baten zain zegoenean.