Donostiako Elizbarrutiak dio bere immatrikulazioak "zuzenki erregistratuta" daudela
Eliza katolikoak bederatzi ondasun ditu Gipuzkoan immatrikulatuta, horietatik bi Donostian.
Espainiako Gobernuak 2021eko otsailean argitaratu zuen Eliza katolikoak 1998tik 2015era immatrikulatu zituen ondasunen zerrenda, ia 35.000 ondasunekoa, eta ia urtebete pasa ondoren, Elizak berak onartu berri du horietatik 1.000 inguru estatuari itzuli beharko dizkiola agian. Ordea, zerrenda txiki horren barruan ez daude Donostiako immatrikulazioak, eta elizbarrutiak Efe albistea agentziari adierazi dio Gipuzkoako ondasun immatrikulatuak “zuzenki erregistratuta” daudela, eta beraz, ez diola estatuari ezer itzuli behar. Elizbarrutiaren arabera, ondasun horiek Elizarenak zirela frogatzeko “dokumentazio historiko nahikoa” dago.
Guztira, Elizak bederatzi ondasun higiezin immatrikulatu zituen Gipuzkoan urte haietan: bi Donostian, hiru Mutrikun eta bana Arrasaten, Astigarragan, Berastegin eta Tolosan. Donostiaren kasuan, honakoak dira immatrikulatutako ondasunak: Antiguako San Sebastian Martiriaren eliza eta Martuteneren eta Loiolaren artean dagoen Hipika bideko 91. zenbakiko lursaila, bere garaian parrokia bat zuena.
Bilboko Elizbarrutiak (Bizkaia) Donostiakoak esandako gauza bera esan du, baina Gasteizkoak (Araba) onartu du zortzi ondasun modu irregularrean erregistratu zituztela. Euskal Autonomia Erkidegoa da estatuan immatrikulazio gutxien dituen erkidegoa (88), baina Nafarroan ia 3.000 ondasun daude egoera horretan.
Gogoratu behar da immatrikulazio bat aurretik erregistratu gabeko ondasun bat lehen aldiz erregistratzea dela, eta Espainiako Eliza katolikoak 1998tik 2015era immatrikulatu zituela (bere egin zituela, alegia) 35.000 ondasun horiek, oso diru gutxi ordainduta. Jose Maria Aznarren gobernuak ezarritako hipoteken legeari esker lortu zuten hori egitea. Kasu adierazgarrienetako bat Kordobako (Andaluzia, Espainia) meskitarena da, 2006an immatrikulatu baitzuten, soilik 30 euro ordainduta.