Egitarau zabala prestatu dute Emakumeak Zientzian egitasmorako
Emakume eta Neska Zientzialariaren Nazioarteko Eguna otsailaren 11n ospatzen da, eta horren bueltan, jarduera ugariko egitaraua prestatu dute Donostian aurten ere. Euskal Herriko zientziaren munduko hamazazpi eragilek antolatu dute egitasmoa, honako helburu hauekin: “Zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea, jarduera zientifiko teknikoak gizonezkoen kontua direlako ustea apurtzea eta neskek eta nerabeek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzea”.
Aste osoko egitaraua prestatu dute, otsailaren 11tik 18ra, “‘zientzia bada nesken kontua’ mezua ahalik eta pertsona gehienei helarazteko eta zientziaren eta teknologiaren eremuan sarbide eta garapen profesional berdinzalea lortzeak duen garrantzia azpimarratzeko”. Aste horretan egingo dituzten jarduerak askotarikoak izango dira: familientzako ikastaro zientifikoak, jokoak, antzerki emanaldiak, erakusketak, eta abar. Egitarau osoa egitasmoaren webgunean kontsultatu daiteke.
Hauek dira Emakumeak Zientzian egitasmoa antolatu duten eragileak: Polymat, CIC nanogune, Donostia International Physics Center (DIPC), Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-EHU), CIC biomagune, Biodonostia, Tecnun eskola, Ceit, Eureka! Zientzia Museoa, Gipuzkoako Ingeniari Industrialen Elkargo Ofiziala, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL), Lortek, EHUko Informatika Fakultatea, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola eta Kimika Fakultatea, Elhuyar eta Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea.