2023ko Frantziako Tourreko bigarren etapa Jaizkibeletik pasako da Donostiara heldu aurretik
Joan den astean iragarri zuten 2023ko Frantziako Tourraren bigarren etapa Donostian amaituko zela, baina gaur egin dute lasterketaren aurkezpen ofiziala, baita etapen inguruko xehetasunak eman ere. Hain zuzen, Gasteiztik irtengo da etapa hori, eta Legutioraino igo ostean, txirrindulariak Ibarratik sartuko dira Gipuzkoara. Handik, Goierri aldera joango dira, ondoren Andoaineraino joateko. Azken kilometroetan, Oarsoaldera joango dira, eta Hondarribitik Jaizkibel mendia igoko dute, handik Donostiarantz joateko. Hau da, Donostiako Klasikoaren antzeko ibilbidea egingo dute azken zatian, baina beste norabidean.
2023 Frantziako Tourra Bilbon (Bizkaia) hasiko da, eta bertan amaituko da lehenengo etapa hori. Era berean, hirugarren etapa ere Euskal Herritik ibiliko da, Amorebieta-Etxanotik (Bizkaia) aterako baita, Baionan (Lapurdi) bukatzeko.