Kalderero primitiboek eta Amara Berrikoek ez dute desfileetan parte hartuko
Donostiako Udalak oraindik ez du kaldereroen inguruko erabaki irmorik hartu, baina dagoeneko konpartsa batzuek erabaki dute aurten ere jaia ez ospatzea. Hain zuzen ere, hedabide honek jakin ahal izan duenez, Amara Berrikoak dira parte hartuko ez dutenetako batzuk. Izan ere, auzoko kaldereroen artean galdeketa egin zuten arduradunek, eta gehienak (%75) ospakizuna bertan behera uztearen alde agertu ziren. Ordea, ez dira bakarrak, Parte Zaharreko Hungariako Galdaragileen Konpartsa Primitiboa ere ez baita kalera aterako. Hala erabaki zuten asteartean euren batzarrean.
Udalak joan den astean proposatu zuen kaldereroak eta inude eta artzainak bi aste atzeratzea –otsailaren 19an eta 20an ospatzea, alegia–, orduan egoera epidemiologikoa hobea izango delakoan. Hain zuzen, konpartsek gaurko jakinarazi behar diote Donostia Festaki proposamena onartuko duten ala ez duten onartuko. Udalaren proposamena onartuz gero, konpartsek 21:30era mugatu beharko lituzkete euren jarduerak, ezingo lukete kanpalekurik egin eta geldialdiak ezingo lirateke bost minutukoak baino gehiagokoak izan.