Mimoz egositako pilula progresiboak
Gera talde donostiarrak bere lehenengo diskoa argitaratu du, azken hiru urteotan ondutakoa. Markel Alonso, Denis Leiza, Iñigo Estonba eta Fermin Mendazona taldekideekin bildu da 'Argia' hedabidea, eta diskoari eta taldeari buruzko erreportaje mamitsua osatu du.
Patxada handiz ekoitzi du Gera taldeak lehen disko homonimoa (Géra). Ezinbestean, dena esatera: 2018an Donostiako Egia auzoko Porrontxo jaietan lehen emanaldia eskaini zutenetik, klase guztietako gorabeherak bizi izan dituzte: hasteko, lau taldekide aldaketa –une batean taldea madarikatuta zegoela pentsatzeraino, horietako zenbaitek behin taldetik igaro ondoren musika betirako utzi dutenez gero–; eta, bigarren, pandemiak eragindako mugikortasun murrizketak, diskoa grabatzera Gipuzkoatik Nafarroara –Berako Mik estudioetara– igarotzea dezente zaildu diena. Hiru urte luze baino gehiago, beraz, estreinakoz elkartzen hasi zirenetik lehendabiziko lana argitaratu duten arte.
Egun, taldea osatzen dute Markel Alonsok –gitarra eta ahotsak–, Denis Leizak –baxua–, Iñigo Estonbak –bateria– eta Fermin Mendazonak –gitarra–, eta laurek argi daukate: taldea osatu bitarteko gorabeherek eragin zuzena izan dute kantetan. “Kantak eginda zeuden, baina izugarri aldatu dira prozesu honetan guztian”, azaldu du Alonsok. Ez dira konformatu abestien lehen zirriborroarekin, hozkailuan eduki dituzte luze, eta pausaldiaren ondoren, argiago bereizi ahal izan dute lastoa eta garia. Probaldiz probaldi eman diete abestiei behin betiko forma, piezek beraiek eskatzen zutenari erreparatuz: zenbaitetan –Paretak zuentzat-en, adibidez– iruditu zaie egitura garbi eta errepikakorrek ondo eusten zietela abestiari, eta begizta izaera eman diete; gehienetan, ordea, ihes egin nahi zutelako homogeneotasun gehiegizkotik, abestiak zatikatzera jo dute.