Rosa Valverderen 'Arte kaxak' erakusketa San Telmo Museoan ikusgai
Rosa Valverde (Donostia, 1953- Azkaine, 2015) artistak egindako kaxen erakusketa monografikoa jarri dute ikusgai San Telmo Museoko Laborategian. Guztira, 52 lan biltzen ditu erakusketak eta urtarrilaren 27tik martxoaren 13ra bitartean bisitatu ahalko da. Artista donostiarrak mota desberdinetako sorkuntza artistikoak jorratu zituen bere ibilbidean: margolanak, grabatuak, eskulturak… eta baita arte kaxak ere. Batez ere, 2000. urtetik aurrera aritu zen azken horiek egiten.
Erakusketak Valverdek egindako kaxen ia erdia biltzen du, 1975 eta 2012 bitartean sortutakoak dira. Horiez gain, artistaren inguruko bideo bat eta tamaina handian erreproduzitutako bi argazki ere ikus daitezke. Arte kaxak erakusketa Baginen bagara proiektuaren barruan kokatzen da. Proiektuaren helburua inguruko emakume artistak ezagutaraztea da. Kasu honetan, Rosa Valverderen berezitasuna erakutsi nahi izan dute. Ez da artistaren lanak San Telmo Museoan erakusten diren lehen aldia, izan ere, Valverdek egin zuen lehen erakusketa museo honetan izan zen, 1978an.
Isabel Sagues erakusketaren komisarioak azaldu duenez, kaxak dira, ziur aski, Valverderen sorkuntzarik intimoenak eta pertsonalenak. Artistak aurkitzen zituen objektuak biltzen joaten zen, altxorrak balira bezala gordetzen zituen bere estudio edo etxeko apaletan, eta gero, haientzako lekua topatzen zuen arte kaxetan. Hiru dimentsioko collage baten moduan kokatzen dira eta narrazio poetikoak sortzen dituzte, tarteka gogorrak. Kaxa gehienak egurrezkoak dira, eta horietako asko ardo kaxak dira. “Objektuak uztartzeko erabilitako lengoaia berezkoa da, aurreiritzirik gabea, erabateko askatasunaren jarreratik landua; funtsezko osagaiak dira umorea eta ironia”.
Artistarentzat kaxak egitea ez zen noizbehinkako ohitura izaten, bere lanean konstante bat izan zen. Komisarioa kaxen inguruko iruzkin eta istorio txikiak osatzen saiatu da, Valverdek objektuen inguruko pasadizoak kontatzen zituelako, eta hainbat kaxaren alboan testu laburrak jarri dituzte, ikuslea artistaren lanera gerturatzeko. Bildutako kaxen artean, ziur aski, Valverdek egindako lehen kaxa dago, 1978ean egin zuena. Kaxa gehien egin zituen artistetako bat dela esan du komisarioak, ez baitute topatu berak bezainbeste kaxa egin duen artistarik.