'De rerum natura' erakusketa: Sistiagaz blai
Kursaaleko Kubo Kutxa aretoak Jose Antonio Sistiaga (Donostia, 1932) artistaren atzera begirako erakusketa handi bat inauguratu du: De rerum natura. Ordea, ez da azken 70 urteotan Sistiagak egindako lanaren errepaso soil bat, haren “lanaren berrirakurketa bat” da, Ane Abalde Kutxa Fundazioko Arte eta Ondareko zuzendariaren hitzetan. Maiatzaren 22ra arte egongo da ikusgai, eta bisita komentatuak egingo dituzte larunbatero, doan (17:30ean euskaraz eta 18:30ean gaztelaniaz). Erakusketa Kubo Kutxan ikusgai izatea “ohorea” dela nabarmendu dute Abaldek eta Ander Aizpurua Kutxa Fundazioako zuzendariak.
Jean-Michel Bouhourse aditu eta Sistiagaren laguna da erakusketako komisarioa, eta nabarmendu du erakusketak “bikain” erakusten duela artistaren obra. “Artista autodidakta bat erakusten du erakusketak, eta intelektualki oso ikusmin handikoa. Hori guztia, espiritualitatea ahaztu gabe. Jainkorik gabeko espiritualitate bat, eta kultur mugarik gabekoa”. Sistiaga erakusketaren aurkezpenean egotekoa zen, baina, azkenean, ezin izan du han egon.
Ibilbide luzea
Oso gazte piztu zitzaion Sistiagari artearekiko zaletasuna. Hain zuzen, erakusketan ikusgai dago bere lehenengo artelana, 15 urte zituenekoa (1947koa). 1950eko hamarkadan, Parisen bizi zenean, arteari buruzko ikuspegi zabala eskuratu zuen, eta 1958an, margolan figuratiboak erakutsi zituen Donostian; urtebete beranduago gauza bera egin zuen Parisen. Hortik aurrera, mundu osoan erakutsi izan ditu bere lanak, etenik gabe.
Sistiaga ezinbestekoa izan zen Euskal Herriko forma artistikoak berritzeko mugimenduaren baitan; mugimendu horren ondorioz sortu zen GAUR taldea 1965ean. Hain zuzen, talde hori osatzen zutenetatik, bizirik jarraitzen duen bakarra da.
Bere obran presentzia handia du naturak eta paisaiek, baina erakusketan beste mota batzuetako obrak ere ikusi daitezke: biluziak, margolan erotikoak, mihise handikoak, figuratiboak, eta abar. Era berean, ikus-entzunezkoak ere asko landu zituen. Ezagunena …ere erera baleibu icik subura arauaren… (1968-70) da, historian zeluloidearen gainean margotutako lehenengo film luzea baita.
Zazpi areto, zazpi etapa
Erakusketa zazpi aretotan banatuta dago, Sistiagaren obra garaika erakusteko. Lehenengoan bere lehenengo lanak daude, hainbat estilotakoak, non bere “estilo autodidakta” atzematen den, Bouhoursen hitzetan. Areto horretan, nabarmentzekoa da Parisen egin zituen obren eta Donostian egin zituenen arteko desberdintasun handia, garai berekoak izanik: “Parisen zegoenean, zituen erreferenteengatik, lan informalak egiten zituen. Ordea, Donostiara zetorrenean, bere lan paisajistekin jarraitzen zuen”, azaldu du adituak.
Bigarren aretoan, 50eko hamarkadaren erdialdetik 60ko hamarkadako erdialderaino egindako lanak daude ikusgai. Bouhoursek azaldu duenez, Sistiaga urte haietan hasi zen “abstraktuarekin” jolasten, eta “oso presente” dago “arlo espirituala”. Nabarmentzekoa da garai horretako artelan figuratibo bat, Sistiagaren ohiko estilotik aldentzen dena, aldizkarien errekorteekin osatuta baitago, collage baten moduan. Errekorte gehienak emakumeen argazki erotikoenak dira, garaian oso presente zegoelako argazkigintza erotikoa Frantzian, eta adituaren arabera, Sistiagak “garaian garaiko giroa erredaktatu nahi izan du beti”. Ordea, artelan hori “eskandalu bat” izan zen bere familian, eta urte luzez gordeta egon da, Sistiagaren seme Gorkak berreskuratu duen arte.
60ko hamarkadaren erdialdean, geldialdi artistiko bat egin zuen Sistiagak, Bouhoursen hitzetan, “aktibismoan aritzeko”. Horren ondoren, …ere erera baleibu icik subura arauaren… filmarekin itzuli zen jardun artistikora, 1968an. Film historiko hori ikusgai dago hirugarren aretoan.
Laugarrenean, 70eko hamarkadatik 90eko hamarkadaren amaierara arte egindako lanak ikusi daitezke, eta aldaketa nabarmen bat dago garai horretan. Izan ere, mihise handiko artelanak dira; Bouhoursen arabera, ikus-entzunezkoetan egindako lanaren eraginez hasi zen halakoak egiten.
Bosgarren aretoan, XXI. mendearen hasieran egindako lanak daude, estilo figuratibokoak. Erretrato erotikoak eta mihisea begiratu gabe egiten zituen biluziak ikusi daitezke, besteak beste. Era berean, paisaia abstraktu batzuk daude ikusgai.
Azken hamar urteotan egindako hainbat lan daude seigarren aretoan, batzuk konfinamenduan zehar egindakoak, tamaina txikiagokoak. Bouhoursen arabera, “Zen kontzeptua” asko landu du Sistiagak urteotan: “Nahitasuna gainditzea du helburu Zen kontzeptuak, eta hori atzematen da artelanetan”.
Azkenik, azken aretoan Sistiagaren film kosmikoak daude ikusgai. Aretoan sartzean, irudiekin zein soinuekin liluratuta gelditzen da ikuslea, eta nahi bezain beste denbora pasa daiteke hor.
Jarduera bereziak
Hemendik maiatzera bitarte, bi jarduera berezi egingo dituzte erakusketan. Alde batetik, martxoaren 10ean, Hezkuntza praktikak eta ikus-entzunezkoak. Jose Antonio Sistiaga eta bere testuingurua, 1957-1979 mahai-ingurua egingo dute, Tabakalerako Kutxa Kultur Plaza gunean, 18:00etan. Rocio Robles Tardiok, Sergio Rubirak eta Mikel Onandiak hartuko dute parte. Izena eman behar da, Kubo Kutxaren webgunean.
Bestetik, Sistiagaren …ere erera baleibu izik subua aruaren… (1968-1970) filmaren proiekzio berezi bat egingo dute maiatzaren 6an, 19:00etan, Tabakaleran.